|
^
|
JESÚS MARÍA BILBAO, JERRY,
ITZAL HANDIKO GIZONA BILBOKO MUSIKA BIZITZAN
Jon Sánchez Ibarluzea
Bilboko Udaleko Kultura eta
Euskara Saileko Zinegotzi
Ordezkaria
Gure Udal Musika Bandarekin ia lau
hamarkadako lotura estua duelarik,
Jesus Mari Bilbao “Jerry” ez da soilik
taldeak orain arte izan duen azken
aurreko zuzendaria, baizik eta Urbano Ruiz Laorden
musikagile karismatikoak agur esan zigunetik bandari
eutsi dion gotorlekua. Urbanoren lekukoa hartu zuen
beronen heriotzean, Banda unerik onenean ez zegoen
garaian alegia, aurrera jarraituko zuen ere zalantzan
baitzegoen orduan.
Alabaina, zuzendari gisa egin duen lan eskerga eta
eskergaitzarekin batera, eskola zaharreko musikaria
dela esan genezake, baita musika tresna askoren jolea
eta estilo desberdinak menperatzen dituen interpretea
ere. “Jerry” gurea oso ezaguna da Areatzako
eguerdiko hitzorduetara huts egiten ez dutenentzat,
baita jazzero gautxorientzat ere; kantautore eta
abangoardiako taldeen laguntzailea izan da, txisturako
doinuak osatu ditu eta Orkestra Sinfonikoarekin
batera jo du, eta hala ere ez die behin ere uko egin
musika herrikoiari eta dantzatzeko musikari. Bera izan
da, hortaz, Bilbon azken hamarkada hauetan egosi
diren musika saltsa guztietako perrexila.
Ondorioz, ziur nago “Jerry”k era batera ala bestera
hiriko musika-bizitzarekin lotuta jarraituko duela.
Beraz, ez da agur esateko garaia, beti arte baizik. Eta
noski, mila esker guztiagatik.
Rafael Sanz-Espert
Bilboko Udal Musika Bandako
Zuzendari Titularra
Lagunekin musikaz hizketan ari
ginela, Bilboko Udal Musika
Bandako Zuzendariordea Jesús Mª
Bilbao Maisua zela esan nuen eta
Pascual Balaguerrek, Valentziako
Orkestrako perkusionistak, galdetu
zidan ea zuzen nenbilen berak Bilboko Bandako
zuzendariordearen izena Jerry zela baitzekien, bere
garaiko pop musika giroan izen tipi horrekin ezagutu
zuena.
Jerry, guztiok ezagutzen dugun bezala, buru eta
bihotz bere lanbideari ekin dion artista eta Bandako
irakasleen artean oso lankide mirestua eta maitatua.
Niretzat aita musikal bat bezala izan da Bilbora heldu
nintzenetik, izan ere bere aholku eta gomendioak
nire karguan aritzeko balio handikoak izan dira une
orotan.
Eskerrik asko, maisu, zure Banda maitatzeagatik.
Eskerrik asko, lankide, zure lanbidea maitatzeagatik.
Eta eskerrik asko, lagun, zure lankideen adiskidea
izateagatik.
|
|
|
^
|
JESÚS MARÍA BILBAO, JERRY:
"EUSKAL MUSIKAZ MAITEMINDUTA NAGO"
Jesus Maria Bilbao Estefania, musika giroetan “Jerry” izengoitiaz
ezagunagoa dena, Bilboko Udal Musika Bandako
zuzendariorde kargutik jubilatu berri da, erakunde honetan
37 urte egin eta gero. Jerry “ia ondorengorik utzi ez duen
musikari mota baten ordezkaria” da, Bandaren historia biltzen
duen liburu argitaratu berriak dioenez. Askotariko instrumentujole
honek klarinetea, saxofoia eta fagota erabili
ditu bere bizitza profesionaleko une desberdinetan, Bilboko
musika-bizitzako giro guztietan parte hartu duelarik.
Urbano Ruiz Laordenen konfiantzazko gizona izan zen, eta
Urbanoren heriotzean –1995an- Udal Musika Bandako batuta
hartu zuen ordezko zuzendari bezala. Kargu horrexetan
egon zen, harik eta 2002an Rafael Sanz-Espert heldu zen
arte. Jerry-k Banda utzi du, baina ez musika, hemendik
aurrera musikari profesionalak eta zaletuak elkartzen
dituen Areatzako (Arratia) orkestrako zuzendaria izango
da-eta.
Nolakoak izan ziren zure hasierako urteak musika munduan?
Soldadutzara joan aurretik, 19 urte nituela, jazz laukote bat
sortu nuen lagun batzuekin batera. Nik saxofoi baritonoa
jotzen nuen bertan. Gero, 1963an, soldaduskara bidali ninduten,
nora eta Afrikara, Sidi-Ifnira alegia. Han ez zegoen
musika bandarik, baina bai ofizial eta azpiofizialen ospakizunak
alaitzen zituen talde bat, tronpeta, bateria, gitarra
eta perkusioa biltzen zituena. Instrumentu bat jotzeak goardia
batzuk egitetik libratu gintuen, behinik behin. Bilbora
itzuli nintzenean, “Los dinámicos” izeneko orkestran jotzen
hasi nintzen, batez ere ezteguetan eta erromerietan. Handik
Bilboko “6 estrellas” lokaleko —orain “Rock Star” izenaz
ezagutzen den horretako— orkestrara joan nintzen. Hantxe
egon nintzen, harik eta diskoteken hazkundeak dena aldatu
zuen arte. Udaleko oposaketa batzuetara aurkeztu eta atezain
plaza atera nuen. Goizez, atezain ibiltzen nintzen eta
arratsaldez, kontzerturen bat zegoenean, frak beltza eta tximeleta
zuria jarri... eta musika egitera!
Bandarekin batera, dantzatzeko musika, klasikoa, jazza, euskal
folklorea eta abangoardiako esperimentuak jo dituzu,
besteak beste... baina zeintzuk dira zure benetako gustuak?
Ni euskal musikaz maiteminduta nago. Izugarri gustatzen
zaizkit Guridi eta Usandizaga bezalako musikagileak, baita
Franco Ribate ere, gure artean egin zuen denbora laburrean
Rimsky-Korsakov, Tchaikowsky eta beste batzuen transkribapenak
ez ezik lan handiak ere idatzi baitzituen.
Musika klasikoa ere atxiki dut, opera, zarzuela, obertura
bat, sinfonia bat, denetarik alegia. Deutsche Grammophonen
bilduma bat daukat, 101 diskoz osaturikoa, eta orain
jubilatuta nagoenez gero, behar dudan denbora guztia
izango dut entzuteko.
Musikagilea ere izan zara.
Zenbait doinu konposatu ditut, era askotakoak, eta batez
ere txistuan jotzeko modukoak. 1967 urtean, “Canción del
Duero” izeneko kantu lehiaketa batera aurkeztu nintzen
Oporto hirian eta akzesit bat irabazi nuen. Harez geroztik,
ez diot behin ere utzi musika egiteari, eta dagoeneko 60
kantu dauzkat SGAEn erregistraturik, euskaraz nahiz erdaraz.
Nik musika idatzi eta Andoni Artuñedok kantatu egiten
zuen. Batzuetan, hitzak ere zentsuratu zizkiguten, gerra
zibilaz hitz egiten zutelako; garai hartan ez zen horrelakorik
onartzen.
Oso gutxi behar izan zenuen ospetsu bihurtzeko…
Francisco Gordillo, Raphael-en managerra, nire kantu batzuei
buruz interesatu zen. Ziur nago Raphaelek ere entzun
zituela, baina zoritxarrez ez genuen berriro elkarren berririk
izan.
Urbanoren heriotzean, Banda zuzentzeko ardura hartu
behar izan zenuen zure gain.
Bai, ezustean harrapatu gintuen guztiok. Ni neu zuzendariordea
nintzen orduan, eta 1995etik 2002ra bitartean bandaren
bridei eutsi behar izan nien. Halaxe egokitu zitzaidan,
eta onartu beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Ez nuen
guztiz txarto egin, nire ustez.
Udal Bandak Arriaga antzokira eraman ditu domeka goizeko
kontzertuak. Horrela ez da apur bat galdu emanaldi
hauen izaera herrikoia?
Ezta hurrik ere. Zenbaitek dio maltzurkeriaz kalitatearen
ordez kantitatea hautatu dela, baina ez da horrela gertatu.
Nik kalitatea handia somatzen diot Bandari, eta kide asko
profesional “peto-petoak” dira. Espainiako bandarik onenetakoa
da, zalantzarik gabe. Gure garaian, oso noizean behin
jotzen genuen Arriaga bezalako antzokietan, eta orain,
aldiz –turismoaren “boom” horrek zerikusi handia du horrekin,
nik uste- bandaren kontzertuetara joaten den publiko
zabala dago, non jotzen duen erreparatu gabe. Baina publikoa
ez da ezberdina: Arriagara joaten diren horiek
Areatzako kioskoan ikus ditzakezu udaberrian. Eta gainera,
egunetik egunera gero eta gazte gehiago hurbiltzen ari
dira.
Irakasle lanetan ere jardun duzu. Nola ikusten duzu musika
prestakuntza Bizkaian?
Nik uste dut irakasleak oso onak direla. Gertatzen dena zera
da, haurrak horrenbeste gauzatarako apuntatuta daude,
horrenbeste zeregin daukate... Egun askoz ere erraztasun
handiagoa dago musika-irakaskuntzara heltzeko, baina
umeek ingelesa edo musika ikastera edota kirola egitera
joan behar izaten dute eskolako ordutegia amaitu ondoren,
eta hori gehiegizkoa da eurentzat.
JESÚS MARÍA BILBAO, “JERRY” (GETXO, 1941)
Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan
ikasi zuen, 1970an Bandan
sartu zen klarinetejole gisa, eta 1983an
fagot plaza lortu zuen; geroztik, instrumentu
horren inguruko irakaskuntzan
jardun du Bilboko Orkestra
Sinfonikoaren baitan
Autoreen Elkarte Nagusiko (SGAE)
kidea da eta “Txistulari” aldizkariko
kolaboratzailea
Flauta eta albokan ikasteko zenbait
metodo egin ditu eta 60 pieza baino
gehiago ditu erregistraturik
Txistua, fagota eta pianoa batzen
dituen Axlor hirukotearen sortzailekidea
|
|
|
^
|
Prestakuntza tailerrak: Aretoko dantzak, txalaparta
eta bilbainadak ere
BilbaoMusikaren prestakuntza tailerrak martxan
daude. Aurten, bilbainada zaleek zorioneko daude
izan ere, lehenengo aldiz Bilbaomusikan, Bilboko herri
kantuaren tailerra eskainiko da. Eta irakasle bezala,
nor Koldo Villar baino hobeto, “Los Chimberos” taldeko
kidea eta kantu irakaslea. “Bilbainada” klasikotik
hasi eta habanera edo zortzikoraino, euskaraz nahiz
erdaraz, kantatu al izango dituzue. Aukera paregabea
gure uria hobekien identifikatzen dituzten abestiak
sortzeko, eta modu berean –zergatik ez- bilbainaden
lehiaketan parte hartzeko Aste Nagusian urtero ospatzen
dena.
Beste berrikuntza bat big-band-erako moldaketak sortzeko
tailerra da, irakasle paregabea izango duena:
Miguel Blanco moldatzaile eta baxujolea. Bartzelonan
jaioa, Lucrecia, Paquito d’Rivera eta Miguel Ríos-ekin
batera lan egin du, eta horrez gain, Madrilgo
Musikarien Tailerreko Big Band-eko eta “La calle
caliente” latin-jazz zazpikoteko liderra da, bi cd kaleratu
ditu azken talde honekin. Tailerra big-band-erako
idazketa-tekniketan trebatu nahi duten musika-irakasle
eta musikari ororentzat zuzendurik dago.
Ikastaroak aretoko eta Karibeko dantzen tailerrekin
osatzen dira, ohiko dantza estandarrak (tangoa, quickstepa,
show-foxa, Vienako balsa eta bals ingelesa) eta
dantza latinoak (cha-cha-cha, boleroa, jivea, pasodoblea
eta samba) abiapuntutzat hartuta, aretoko dantzen
hastapenak eskainiko dira. . Tailer honen irakaslea
Ines Uriarte, Ines eta Iñigo Dantza Eskolako arduraduna
izango da. Bestetik, Perkusio Afrolatinoaren Gaizka
Salazarrek (Tailerra GATIBU taldeko bateriajole) emango
du, gorputzaren erritmika eta perkusiozko musikatresnen
eta instrumentu hauek erabiltzen dituzten taldeen
musika-estilo bereizgarrien oinarrizko ezagutza
lantzeko asmoz, besteak beste: Samba Batukada,
Saltsa, Afroa, Flamenkoa eta Nahasketa modernoak.
Gure txalaparta zaharra berebiziko garapena lortzen
ari da azken urteotan tinbrea eta erritmoaren arloan
dituen ahalbideei dagokienez. Txalaparta Tailerreko
irakaslea Asier Gonzalez aditua izango da,
BilbaoMusikako irakaslea. Gonzálezek pandero eta
atabal tailerra ere emango du, perkusio tradizionaletik
abiatuta, musika eta dantzara hurbiltzeko helburuarekin.
Azkenik, Grabazio eta soinuztapen tekniken hastapen
tailerra ezinbesteko baliabide bihurtuko da musikan
erabiltzen diren teknologia, aparatu eta ekipo desberdinen
oinarrizko ezagutza lortzeko. Mr. Jam Musika
Ikastegi Modernoko irakasle profesionalek emango
dute ikastaroa.
|
|
|
^
|
Kontzertu didaktikoak: ikasi eta jostatu
Beethoven eta Beatlesekin
Aurten ere, BiIbaoMusika Eskolak aurrera jarraitu
behar du, Bilboko BO1 eta BO2 Berritzeguneen lankidetza
eskergaitzaren bitartez, lehen eta bigarren hezkuntzako
ikastetxeetan kontzertu didaktikoak antolatzeko
ekimenarekin, musika gazteei hurbiltzeko asmoz.
Eskolako musika-sail ezberdinek musika sinfonikoa,
rocka eta dantza tradizionala tartekatuko dituzte programan
barna, otsailean, martxoan eta maiatzean
antolatuko diren 13 kontzerturen bidez. Beethoven
eta Johann Strauss bezalako klasiko hilezkorrekin batera,
Henry Mancini, Beatles, Chuck Berry edo Nirvanaren
kategoriako klasiko modernoagoak aurki daitezke
musika-esparru berean bilduta.
Instrumentu Sinfonikoen Saila arduratu da kontzertu
hauek hasteaz (urtarrilaren 30ean), “Instrumentu sinfonikoak”
delako programaren bidez. Lehen
Hezkuntzako ikasleei eskainitako ekimen honetan,
“Ederra eta Piztia” eta “Sonrisas y lágrimas” bezalako
doinuetatik Beatlesen kantuetaraino eta Beethoven (9.
sinfonia) eta Strauss-en (Radetzky Martxa) gisako musikagile
klasikoen piezak ere biltzen dituen errepertorio
zabala aurki daiteke. Bestalde, Musika Modernoaren
Sailak “Rockaren historia” eskainiko du Bigarren
Hezkuntzan eta Batxilergoan, Eric Clapton, Nirvana,
Fito & Fitipaldis eta The Police taldearen doinu ezagunak
tarteko. Azkenik, Musika eta Dantza
Tradizionalaren Sailak gure herriko musika-tresnak —
txistua, trikitixa, alboka edota gaita— erabiltzeko
lehen irakaspenak emango dizkie Lehen Hezkuntzako
eta DBHko ikasleei.
|
|
|
^
|
Asmatzeko ahalmena frogatu jam sessions delakoetan
Inprobisatzea gustatzen zaizu baina oraindik ez zara
ausartu jam sessions-ekin? Ez kezkatu, saio bitxi hauetan
edozein musika-tresnarentzako lekua baitago;
beraz, hauxe izan daiteke zure aukera. Gustuko duzun
instrumentua bakarka erabiltzeko aukera izango
duzu, asmatzeko duzun ahalmena frogatuz. Gainera,
ikasitako guztia praktikara eramateko zu bezain
gugotsu dabiltzan gainerako ikaskideekin biltzeko
parada ere izango duzu.
Saioak HIKA ATENEOan (Ibeni Kaia, 1) egingo dira,
eguenez, otsailaren 22an, martxoaren 8 eta 22an, apirilaren
19an eta maiatzaren 3 eta 17an, 19:30etatik
aurrera. Eskolako edozein ikasle inskriba daiteke, inongo
kosturik gabe. Ekimen hau joan den ikasturtean
hasi zen, eta hasiera zalantzatsua izan zuen arren,
ikasleek gero eta interes handiagoa erakutsi dute
inprobisazio saio hauetan parte hartzeko. Beraz, ez
ibili duda-mudatan: orain zure txanda da.
|
|
|
^
|
Asteazkenetan Euskaldunan: txistua... eta askoz ere gehiago!
Udal Txistulari Bandak hirugarren urtez ekingo dio
“Asteazkenetan, txistua benetan” izeneko ekimenari.
Programa handinahi honek emanaldiak, kontzertu
didaktikoak eta musika-estilo berrietara irekitzeko
aukera biltzen ditu. Otsaila Izeia seikoteak
euskal musika-tresna tradizionalak, teklatuak, biolina,
perkusioa eta bi dantzarien jarduna tartekatuz
eratu duen ikuskizunaz hasi da. Lan bitxi honek
euskal musika folklorikoaren estiloak eta instrumentazioa
berritzea du helburu. Txistulari Banda
arduratuko da programatuta dauden gainerako
emanaldi guztiez. Lehen hitzordua, otsailaren
22an, Ihauterietako Kontzertu Berezia izango da.
Eta zikloa amaitzeko, martxoan, beste bi emanaldi
antolatuko dira: hilaren 7an, bandaren alderdirik
ezkutuena ezagutuko dugu jendaurrean eskainiko
duten ganbera kontzertuaz, eta hilaren 21ean, txistuaren
erakustaldi tradizionala egingo da, txistulariekin
eta enparauko laguntzaileekin batera.
Luxuzko gonbidatuak
“Asteazkenetan, txistua benetan” ekimena sendotuz
doa urterik urte, eta arrakasta honen oinarrian
gonbidaturiko musikarien kalitatea eta aniztasuna
nabarmendu behar dira, zalantzarik gabe.
Hirugarren denboraldi honetan, Bandak kategoria
handiko gonbidatuen laguntza izan du, hala nola,
Jose Inazio Ansorena, Donostiako Goi-
Kontserbatorioko katedraduna eta Donostiako Udal
Txistulari Bandako zuzendaria, Joserra Senperena
piano-jolearekin batera kontzertu gogoangarria
eskaini zuena, Andoni Egaña bertsolaria eta Ion
Maia dantzaria. Ez ziren atzean gelditu, halaber,
Juan Vegak zuzentzen duen Yoku txistulari banda,
“Maisuak” lana aurkeztu zuen Aiko taldea,
Santurtziko Udal Txistulari Banda eta Eguberritako
Kontzertuan ahaleginak eta bi egin zituzten Udal
Musika Eskolako txistu ikasleak. Eta amaitzeko, Alos
Quartet hari-laukotea ere nabarmendu behar da,
Bilboko Txistulari Bandarekin “Harizko txistua” izeneko
CDa grabatu eta Euskalduna Jauregian egindako
aurkezpen eguneko arrakasta apartean partehartze
zuzena izan zuena.
|
|
|
^
|
“Txistuaren hauspoa”: txistu eta eskusoinurako CD berria
Bilboko Udal Txistulari Bandak eutsi egin dio euskal
musika-tresnarik bereizgarrienaren interpretazio-ahalbideak
bultzatzeko apustuari. Alos Quartet hari-laukotearekin
elkarlanean grabatu duen “Harizko txistua”
izenburuko CDaren esperientzia pozgarriaren ondoren,
Bandak aurrea hartu dio orain eskusoinuari. Proiektu
diskografiko berri honi “Txistuaren hauspoa” izenburua
jarriko diote eta eskusoinu eta txisturako pieza
berriak bilduko ditu, musikari ezagunen eskutik sortutakoak.
Aurrekoan bezala, obra finantzatzeko sistema
berritzaile bat hautatu da, enpresei (Oñaderra
Egurtegia) eta erakundeei (Azpeitia, Getaria edota
Zestoako udalak) konposizio horietako bakoitza babesteko
aukera eskainiz. Alde Zaharreko Merkatarien
Elkarteak eta BilbaoMusikak sinatua duten hitzarmenak
ere erraztu egin du grabazio hau. Konposizioak
amaitu ondoren, diskoa udazken aldera grabatuko da,
eta urte amaieran zuzeneko aurkezpena egingo da
Euskalduna Jauregian.
Aukeratutakoak talentua aski frogatua eta prestigioa
ederki irabazia duten zortzi musikari izan dira. Aitor
Furundarena soinujolea, lan berrien grabazioa eta konposizioa
irrati eta telebistarako lanekin uztartzen dituena;
aurkezpen beharrik ez duen Kepa Junkera, 2007
urtea hasteko “Hiri” izeneko bere diskoarekin munduko
musikei buruzko europar zerrendan lehen postua lortu
duena; Iñaki Salvador pianojole, soinujole, konpositore
eta moldatzaile donostiarra, Oskorri, Mikel Laboa edo
Luis Eduardo Auteren kategoriako musikariekin lan
egin eta jazz musikari bezala “Kursaal” eta “Naima
Quartet” taldeen sortzailekidea izan dena; Pello
Ramirez (Ordizia, 1966), soinujole eta biolotxelo-jotzailea,
guren herrian dagoen estudioko nahiz zuzeneko
musikaririk estimagarrien eta baloratuenetakoa (Benito
Lertxundi, Dulce Pontes, Mikel Urdangarin, Xabier Lete,
etab.) eta doinu dotore, iradokitzaile eta neurrizkoen
egile adierazkor eta intuizioz betea. Pascal Gaigne
Euskadin bizi den musikagile frantsesa, bere aldetik,
askoz ere ezagunagoa da zineman egindako lanagatik:
“El Sol del membrillo” (Victor Erice), “Silencio roto”
(Montxo Armendariz) edota opera prima onenarentzako
Goya saria jaso berri duen “Azuloscurocasinegro”
(Daniel Sánchez Arévalo) filmetako doinuak konposatu
ditu, besteak beste. CD berri honetarako musikarien
zerrenda osatuz, Joxean Goikoetxea soinujolea, musika
alorrean pedagogia lan handia egin duen Xabi Zabala
eta Marijose Arregi Azkoitiko Bizkargi Musika
Eskolakoa ere aipatu behar dira.
“Harizko Txistua”ren arrakasta
“Txistuaren hauspoa”, Bilboko Txistulari Bandak estreineko
aldiz hari-laukote batekin batera grabatu duen
“Harizko txistua” diskoaren arrakastari esker sortu da.
Instrumentu klasikoekiko nahasketa bitxi honek erabateko
arrakasta lortu du, Euskalduna Jauregian eskaini
zuten aurkezpen kontzertuari egindako harrera ezin
hobeak eta zaletuek musika-dendetan eros dezaketen
CDaren salmentek egiaztatu dutenez. Bandak eta Alos
Quartet laukoteak lana zuzen-zuzenean aurkezteko
asmoa dute datozen hilabeteotan Euskadiko beste
herri batzuetan.
|
|
|
^
|
Hiru kontzertu Arriagan
Eguberrietako geldialdiaren ondoren, betiko musika
ona Arriagara itzuli da domeketan, Udal Musika
Bandaren eskutik. Bilboko antzokian eskaini behar
duen hirugarren kontzertu denboraldiaren barruan,
ohi denez, Bandak prestigio handiko zuzendari eta
bakarlarien laguntza izan du. Ekimena oso emaitza
onak lortzen ari da publikoaren aldetik, eta gonbidatutako
musikarien kalitatea gogoan hartuta,
arrakasta errepikatu egingo da, zalantzarik gabe,
denboraldia amaitu arte antolatuko diren hiru
kontzertuetan.
Otsaila indarrez hasi da, Bandak hilaren 4an eskainitako
kontzertu batez, bakarlari gonbidatua Juanjo
Munera Bilboko Udal Bandako bonbardino-jolea
zelarik. Musikari gazte honen kurrikulu izugarriak
Madrilgo Udal Banda Sinfonikoarekin izandako bost
urteko kolaborazioa, Europako Banda Gaztean
(E.U.Y.W.O.) egindako lana eta Munduko Banda
Gaztean (Winds of World) Christian Lindberg-en
batutapean gauzaturiko parte-hartzea biltzen ditu.
Otsailean aurrera eginez, hilaren 18an kontzertu
berezi-berezia egingo da, Iñaki Urkizu Kerejeta
Bandako zuzendari berria aurkeztu eta Jesus Maria
Bilbao Jerry-ri agur esateko aukera eskainiko duena.
Martxoaren 18an, Bandak luxuzko gonbidatu bat
izango du: Pablo Dell´Oca, Santa Rosako (La Pampa,
Argentina) Bandako zuzendaria. Uruguain jaio zen
arren, Argentinan bizi da 1971z geroztik. Dell´Oca
klarinetea jotzen hasi zen Montevideoko Udal
Musika Eskolan eta 12 urte zituela musikari profesional
bihurtu zen. Uruguaiko musikaria instrumentu
taldeen orkestratzaile gisa nabarmendu da,
baina gogoan hartzeko modukoa da, halaber, musikagile
bezala egin duen lana: banda sinfonikorako
eta haize-taldeetarako konposatu dituen lanen
katalogoa 300 lanez osatuta dago, moldaketak,
transkribapenak, orkestrazioak eta jatorrizko lanak
barne hartuta, eta Latinoamerikan, Estatu Batuetan
eta Europako herrialde ezberdinetan interpretatu
dituzte. Dell´Oca La Pampa Probintziako Banda
Sinfonikoko zuzendaria da 1993az geroztik.
Arriagako hirugarren kontzertu denboraldia amaitzeko,
martxoaren 25ean, domekaz, bandak Rafael
Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean jardungo
du, eta Xavier Guillot, Valentziako
Orkestrako perkusio bakarlaria izango da bakarlari
gonbidatua.
|
|
|
^
|
Iñaki Urkizu, Bandako zuzendariorde berria
Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Jesus María
Bilbao “Jerry”, Bilboko musika bizitzan itzal
handiko gizona, Bilboko Udal Musika Bandako
zuzendariorde legez erretiroa hartu du 37 urtez
geroztik lotuta egon ondoren. Iñaki Urkizu
Kerejetak hartzen du bere kargua,
BilbaoMusikako Kontseiluak aho batez bere
izendapena onartu ostean.
Urkizuk 8 urte zituela hasi zen tronpeta jotzen
bere jaioterrian, Beasainen, familiako tradizioari
jarraituz, eta musika-tresna honen bitartez zenbait
bandatan lan egin zuen Donostiako goikontserbatorioan
ikasketak osatzen zituen bitartean.
Ondoren, musika-eskola desberdinetako
irakaslea eta zenbait taldetako kolaboratzailea
izan da, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gipuzkoako
hiriburuko Talde Barrokoa, Araba Brass Taldea
edota Gasteiz Big Band delakoa tarteko direla.
Horrekin batera, ospe ona lortu du euskal musika
bildu, transkribatu eta egokitzeko egin dituen
lanen haritik. 1998tik hona Ertzaintzako Musika
Bandako zuzendaria da, talde horretako tronpetajole
bakarlaria ere izan delarik. 700 kontzertu
baino gehiago zuzendu eta hainbat diskoren grabazioetan
parte hartu du.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Martxoak 5 | Apririlak 23 | Astelehena | Bilborock
19.00etan | Doako sarrera
Musika Tradizionala eta Modernoa Saileko ikasleen
kontzertuak.
Otsailak 22 | Martxoak 8 | Martxoak 22| Apririlak 19
Maiatzak 3 | Osteguna | Hika Ateneo | 19:30etan |
Doako sarrera
Eskolako Jam-Sessions.
Martxoak 15 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan
| 20.00etan | Doako sarrera
Cristina Granero (flauta) eta Yuki Matsuhima (pianoa),
"Juventudes Musicales"en kontzertua.
Apririlak 19 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan
| 20.00etan | Doako sarrera
Arantza Aguirre (akordeoia), "Juventudes
Musicales"en kontzertua.
UDAL MUSIKA BANDA
Otsailak 18 | Igandea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Udal Bandako zuzendariorde berriaren
aurkezpena, Iñaki Urkizu, eta Jesús María Bilbao,
"Jerry"ri agur-omenaldia.
Martxoak 18 | Igandea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Pablo Dell'Oca
Sala, Santa Rosako Udal Bandako zuzendari titularra,
La Pampa-Argentina.
Martxoak 25 | Iagndea | Arriaga Antzokia | 12.00etan | 2€
Kontzertua. Artista gonbidatua: Javier Eguillor,
nazioarteko perkusio bakarlaria eta Valentziako
Orkestrako irakaslea
Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert
UDAL TXISTULARI BANDA
Otsailak 21 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A-3
Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru
mugatua
Inauterien Kontzertu Berezia Bilboko Udal
Txistularien Bandaren eta Beti Jai Alai dantza taldearen
eskutik.
Martxoak 7 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A-
3 Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru
mugatua
Ganbara-kontzertua. Bilboko Udal Banda.
Martxoak 21 | Asteazkena | Euskalduna Jauregia | A-
3 Aretoa | 20.00etan | Doako sarrera, Eserleku-kopuru
mugatua
Txistuaren Alarde Tradizionala txsitulari eta inguruko
laguntzaileekin.
Martxoak 22 | Osteguna | Dendaraba (Vitoria) |
20.00etan
"Harizko Txistua" cd-aren aurkezpena, Bilboko Udal
Txistularien Bandaren eta Alos Quartet harizko laukotearen
eskutik.
|
|
|