|
^
|
ESKERRIK ASKO
ETA ADIORIK EZ!
Jon Sánchez Ibarluzea
Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Saileko
Zinegotzi Ordezkaria
Maiatzarekin batera kaleratu da BILBAOMUSIKA BERRIAK
aldizkariaren bosgarren ale hau; oraingo Udalbatzaren
amaiera eta hauteskundeetarako deialdiarekin batera,
alegia. Jende guztiak daki dagoeneko, Kultura eta
Euskara Sailaren buruzagitzan lau urte egin ondoren —
honek BilbaoMusikako lehendakari izateko ardura ekarri
dit, besteak beste—, nire hurrengo zeregina Bilboko
Udaletik kanpo egongo dela. Ondorioz, egoki iruditu zait
udal erakunde autonomo honek azken lau urteotan egin
duen lanari buruzko balantze laburra egitea.
Gauza jakina da, BilbaoMusikaren ohiko jardueraren
oinarrian, ondoko hiru erakunde bereizgarri hauek
nabarmentzen direla: Udal Musika Banda, Txistulari
Banda eta Udal Musika Eskola. Lehenengoaren kasuan,
nik uste dut, Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren
batutapean, Banda aurrerapauso handiak ematen ari
dela formatua eta errepertorioa berritze aldera, baina
mende luzeko tradizioari uko egin gabe. Gogoan izan
behar dugu, ehun eta hamabi urteko historia tarteko,
Banda dela Urian dagoen musika-erakunderik aspaldikoena.
Arriaga antzokian eskaintzen dituen igandeko kontzertuak
eta nazioarteko zuzendari eta bakarlari gonbidatuen
parte-hartzea erabat arrakastatsuak izan dira.
Abenduan, Oskorri taldearen hogeita hamabosgarren
urteurrena ospatzeko antolatu ziren kontzertuak ere une
gogoangarriak izan ziren, eta argi frogatu zuten Bandak
publiko berriak erakartzeko duen ahalmena. Bakarrik
falta zen Bandaren ibilbidea zehatz-mehatz islatuko zuen
liburu bat plazaratzea, eta nik uste dut liburu hau egiteak aukera ederra izan digula Bilboko historiaren mende
luze honetan musika oparitu diguten ehunka instrumentu-
jotzaileei omenaldia egiteko. Horrez gain, aukera hau
aprobetxatu nahi nuke Iñaki Urkizuri ongi etorririk beroena
emateko, bera baita gure adiskide Jesus Mari Bilbao
Jerry-ren lekukoa hartu duen zuzendariorde berria. Ziur
nago bere jakinduria handia eta musika-bandekiko grina
lagungarri suertatuko direla aro berri hau tinkatzeko.
Udal txistulariei dagokienez, ez da inondik ere txikiagoa
izan ohiko jarduna berritu eta publikoaren arreta erakartzeko
ahalmena. Txistubandak goitik behera gainditu du
kalejiretan eta jai-giroko eta protokolozko ekitaldietan
zeukan zeregina. Bandako lau kideak birtuosismo handiko
musikari gazteak dira, prestakuntza handikoak, eta
Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, jendearen
arreta erakarri dute askok erabilgarritasun eskasekotzat
jotzen zuten musika-tresna tradizional honen inguruan.
Euskalduna Jauregian eskaintzen dituen asteazkenetako
kontzertuek berealdiko arrakasta lortu dute publikoaren
aldetik, betiko doinuak eta dantzari eta bertsolarien jardunak
musika garaikidearekin, hari-laukoteekin, pianoarekin
edota folk musikarekin uztartuz, esperimentazio eta
fusiozko emanaldiak osatu nahian. Txistulari Bandak estilo
desberdinetako diskoak argitaratu ditu, eta Biboren
enbaxadore izan da nazioarteko hainbat hiritan,
Hegoamerika aldean ere jo duelarik. Nik uste dut, benebenetan,
gure txistubandarengandik gauza handiak espero
daitezkeela, eta hau aparteko albistea iruditzen zait
berez, gure musika-tresnarik bereizgarriena erreibindikatzeko
izango duen balioagatik.
Azkenik, Udal Musika Eskolari dagokionez —bere zuzendaritza
berriari ere ongi etorria eman nahi diot gaur eta
hemen—, nik uste dut oso-osorik betetzean ari dela bere
lana, arautu gabeko musika-irakaskuntzaren inguruan
dagoen eskariari aurre eginez. Eskari honek gora egin du
etengabe eta ikasle kopurua ere etengabe haziz joan da.
Eskolak badu, gainera, programa osagarri bat, eskoletako
kontzertu didaktikoak, musika tailerrak, udalekuak eta
bestelako jarduerak biltzen dituena.
Laburbilduz, nik esango nuke oinarri finkoak ezarri direla
lanak jarraipenik izan dezan, bai orain, bai Kultura
Saileko eta BilbaoMusika erakunde autonomoko arduradun
berriak beren karguez jabetzen direnean ere. Haiei,
datozen lau urteotan ardura horiek beren gain hartuko
dituzten guztiei, nornahi direla ere, zorterik onena opa
diet. Zalantza izpirik gabe esan dezaket, gure Uriko musika-
kulturari dagokion lekua emateko ahaleginean, irakasle,
musikari, funtzionari eta laguntzaileez osaturiko
talde ezin hobea izango dutela aldean, une oro laguntzeko
prest. Hauexei hitz egin nahi diet orain, bihotz-bihotzez,
eta eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urteotan
haiekin batera lan egiteko eskaini didaten aukeragatik.
Sekulako pribilegioa izan da niretzat. Agur esateko une
honetan, hauxe da zuei esateko dudana:
Eskerrik asko, eta adiorik ez!
|
|
|
^
|
IKASTURTEA AMAITUTA ERE,
MUSIKAK AURRERA JARRAITZEN DU
Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, hurbilduz doaz
apurka-apuska luzaz itxarondako oporrak. Lan handiko
eta gogo biziko urtea izan da, eta zuek,
BilbaoMusikako ikasleok, guk bezain ondo pasatu
duzuela espero dugu. Gogoratu behar dizuegu
BilbaoMusikak ez duela etenik egingo uztailean eta
abuztuan. Gure helburu nagusia, musikari buruz sentitzen
dugun maitasuna zuenganatzea da, eta sentimenduari
ezin zaio “oporrik” eman, noski. Uztaila
hasi bezain laster, Musika Bai! lemapeko musika-udalekuak
abiatuko dira hiru eta 12 urteko haur eta gaztetxoentzat.
Iaz bezalaxe, bina asteko bi txanda antolatu
ditugu. Horrela, jolasa, margoketa, mimoa, dantza
eta bestelako jarduera jostagarrien bitartez, musika
sentitzen ikasteko aukera hau segurtatu nahi
dizuegu guzti-guztioi. Lehenengo txanda beteta dago
jadanik, baina badago lekurik oraindik bigarrenerako.
Izena eman ez baldin baduzu, oraintxe duzu aukera.
Aurten, gainera, bi hamabostaldietan errepikatzeko
aukera emango dizugu. Tradizioari jarraituz, bestalde,
uztaileko udalekuak hasi aurretik, Musikaren Europar
Eguna ospatuko dugu ekainaren 21ean. Gure ikasleek
musika kalera atera eta zer gozatu ederra eskainiko
dizuete Eskola ondoan kokatuko den eszenatokira
hurreratzen zaretenoi.
Abuztuko sasoi jaizaleagoari begira ere, sorpresa batzuk
prestatu dizkizuegu. Aste Nagusian harat-honat
ibiltzeko asmorik baldin baduzu, jakin ezazu, Udal
Musika Bandak kontzertua eskainiko duela egun-egunero,
eguerdiko 12etan, Areatzako kioskoan. Eta hau
guztiau gutxi balitz, beste sorpresa bat prestatu dizuegu
jai-giroko aste honetarako: Banda Oskorri talde
mitikoarekin elkartuko da berriro ere, eguberrietan
Arriaga antzokian eskaini zuten kontzertu hirukoitzaren
arrakasta errepikatzeko asmoz. Oskorri ezinbesteko
erreferentzia bilakatu da azken hiru hamarkadetako
euskal musika herrikoia ulertzeko, eta benetako
“delitua” izango litzateke aukera hau galtzen uztea.
Hitzordua, abuztuaren 21ean, Uribitarten, 23:30etan.
Baina ez, ez pentsa Udal Txistulari Bandaz ahaztu
garenik. Garikoitz Mendizabalek zuzendutako talde
honek ere zer eskainia izango du Bilboko Aste
Nagusian. Jaietako azken egunerako, aparteko
Txistulari Agerraldia antolatu da Plaza Barrian, eta
bertan, gure Banda maitearekin batera, euskal musika
eta dantzaren onena ikusteko aukera izango dugu.
Gonbidatutako artista eta taldeen artean, Euskadi
Brass Metal Bostkotea, Beti Jai Alai Dantza Taldea, San
Anton Abesbatza, Maiteder Olano txistularia, Pirritx
eta Porrotx eta Xabier Paia bertsolariaren presentzia
nabarmendu behar da. Ikusle “mordoa” ziurtatuta
dago, baina zeu ere nahi zaitugu bertan.
Horretaz eta beste gauza batzuei buruz informatzeko,
BilbaoMusika berriak aldizkariaren bosgarren ale hau
argitaratu dugu, gure Uriko musika eta kultura hedatu
eta sustatzeko biderik egokiena, alegia. Oraingoan,
gainera, Iñaki Urkizu, Bilboko Udal Bandako zuzendariorde
berria, aurkeztu nahi dizuegu. Ez galdu barruko
orrialdeetan duzuen elkarrizketa interesgarria. Ale
honetan, halaber, Udal Musika Bandak maiatzeko eta
ekaineko ostiraletan eskaini behar duen kontzertuzikloari
buruzko informazioa aurki dezakezue, bai eta
Txistulari Bandaren “Hala ere” izenburuko lan diskografiko
berriaz jakin beharreko guztia ere. Bai, ados,
gauza asko dira, baina zalantzarik sortzen baldin
bazaizu, nahikoa duzu agenda-orrialdeetara jotzea.
Kontzertu guztien informazio zehatza aurkituko duzu
bertan.
Besterik gabe, iraila arte agurtu behar zaituztegu.
Indarberrituta itzuliko gara orduan eta ilusioz gainezka
ikasturte berriari aurre egiteko. Jakina, bitarte
honetan beren horrexetan jarraituko dute
BilbaoMusikak zuretzat antolatzen dituen jarduera
guzti-guztiek. Baina ez dugu ezer aurreratu behar.
Lasaitzea eta uda ondo pasatzea da oraingo gure
zeregina; geroxeago etorriko dira eskolarako itzuleraz
pentsatzeko garaiak. Zain izango gaituzue.
Azkenik, aukera hau aprobetxatu nahi dugu
BilbaoMusika errealitate bihurtzen laguntzen duzuen
guztioi eskerrak emateko. Ondo pasa!
|
|
|
^
|
IÑAKI URKIZU BILBOKO UDAL BANDAKO ZUZENDARIORDEA:
"Oso gustura sentitzen naiz mexikoko kantu bat
zein Shostakovitxen doinuak jotzen"
Iñaki Urkizu Kerejeta (Beasain, 1961) Udal Musika
Bandako zuzendariorde berria da. Musikari gipuzkoarrari
inondik ere erraza ez den lana egotzi diote: “botxo”ko
musika-munduan itzal handiko eragilea izan den Jesus
Maria Bilbao “Jerry”ri lekukoa hartzea. Ziur bere musika
kurrikulu luzea lagungarri suertatuko zaiola. Urkizuk
Euskal Herriko musika-talde desberdinetan parte hartu
izan du, hala nola, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Juan
Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda
Sinfonikoan, Donostiako Talde Barrokoan, Lattor metalboskotean,
Araba Brass Taldean eta Gasteiz Big-Bandean,
azken honetako zuzendaria ere izan delarik. Horrez gain,
ezaguna egin da musika moldatzen eta transkribatzen
egin duen lanari esker, eta bere obrak hainbat musikabandaren
ohiko programetan tartekatu ohi dituzte.
Oso goiz hasi zinen musika munduan.
Aita musikazale amorratua dugu, baina ikasteko aukerarik
izan ez zuenez, ez da inoiz musikari handia izan.
Zegamako Udal Bandan sartu zen. Saxofoi tenore zahar
bat eman zioten, eta bere kasa hasi behar izan zuen.
Autodidakta izan zen, noski, ez zuen beste erremediorik
izan. Bera izan zen gero niri eta nire anaia-arrebei musikarekiko
zaletasuna txertatu ziguna. Ni neu, zortzi urte
nituela hasi nintzen tronpeta jotzen. Garai hartan, musikariak
behar zituzten Beasaingo Bandan. Gazte bat solfeoa
ikasten hasi bezain laster “errekrutatu” egiten zuten.
Kantu bat jotzen irakasten zizuten —nire kasuan, Jorge
Negrete-ren kantu bat— eta kalera, jotzera! Ia-ia igandero
ateratzen ginen herriko plazara dantzagarriak jotzera.
Bandako zuzendariorde izendatu berri zaituzte. Zer ekarpen
egin nahi zenioke taldeari?
Nolabait esanda, lurreratu berria naiz, eta ez da komeni
iritsi orduko bat-bateko aldaketarik egitea. Besterik ezean,
neure estiloa itsatsi nahi nioke, batez ere errepertorioari
dagokionez. Orain bandetarako egiten den musika moderno
gehiago sartu nahi nuke. Kioskoetan jotzen duten
musika banden ohiko errepertorioa zartzueletara eta
obertura, opera ospetsu eta abarren transkribapenetara
mugatu da orain arte. Une honetan, bandarako oso lan
onak sortzen ari diren musikagileak daude, musika estilo
guztiak tartekatzen dituztenak: musika arinagoa, pop,
jazz, zinemarako musika...
Udal Bandak Areatzako Kioskoan eta Arriagan eskaintzen
ditu bere kontzertuak. Zein da, zure ustez, taldearen benetako
betekizuna?
Kalean jotzea izan da beti musika banden benetako betekizuna.
Banden jatorria militarra da, hau da, kalean desfilatu
ahala musika jotzea. Orkestra batek ezin du kalean jo,
baina banda batek bai. Garai hartan ez zegoen ia orkestrarik
eta oso jende gutxik zeukan disko-jogailua; bandek,
hortaz, hutsune hori betetzen zuten. Gaur egun, banda
antzokietara eta auditorioetara ere sartu da. Zein den bere
naturazko lekua? Auditorioa. Kaleak bere lekua izaten
jarraitzen al du? Jakina. Berrikitan, Aste Santuko prozesioak
egin dira, eta bertan izan da Udal Musika Banda,
baita Areatzako kioskoan eta auzoetan ere. Eta Arriagan
ere bai, baina errepertorio serioago batez. Gogoan izan
behar da eszenatoki bakoitzak publiko mota bat daukala.
Orkestra sinfoniko batean jo duzu, baita talde barroko
batean eta bi jazz taldetan ere. Zein musika mota duzu
gustukoen?
Musika jotzea dut gustukoen. Ezkontzetan, txarangetan
eta fanfarreetan jo dut, eta gaztetan rap, saltsa eta jazz
talde batzuetan, dantzarako orkestretan eta hari-laukote
batean ere bai. Denetarik egin dut, eta ez dut ezein musika
adierazpiderik baztertu inoiz. Musika da guztia, denetik
ikas daiteke zeozer eta den-dena gustatzen zait. Oso
gustura sentitzen naiz Mexikoko kantu bat zein
Shostakovitxen doinuak jotzen, Banda zuzentzen edota
talde batean baxuari eragiten. Nire aisialdi apurrean —
hiru seme-alaba dauzkat eta— banden musika entzun edo
gaur egun konposatzen ari denari buruz ikertzen dut.
Horixe da nire lanaren benetako izaera.
Esaidazu gutxienez zer disko eramango zenukeen irla
desertu batera.
Mahlerren bigarren sinfonia, desberdina iruditu zaidalako
beti besteen aldean. Izugarri gustatzen zait. Obra askok
hunkitzen naute, baina honek beste guztiak gainditzen
ditu. Eta besteren bat aukeratu ahal banu, Mozarten musika-
popurri bat eta bandarako musika ere eramango nituzte.
Irakasle ere ibili zara. Nola ikusten duzu musika-prestakuntza
Euskadin?
Nire ustez, jende asko dago musika ikasten, baina oso
aukera gutxi dago horretan jarduteko. Gure garaian, lauzpabost
ginen solfeoa ikasten hasi eta gero kontserbatoriora
joaten ginenak. Gaur egun, ordea, herri guztiek daukate
musika eskola edo akademia bat, eta ondorioz, jende
asko dabil musika ikasten, baina aukera gutxi dago horretan
modu profesional batean aritzeko. Duela urte batzuk
udal bandak zeuden ia-ia herri guztietan, eta horiek aterabide
profesionaltzat jo zitezkeen, baina gaur ez dago ia
bandarik. Musikari asko ezagutzen ditut, jotzeko lekurik
ezean irakaskuntzan derrigorrez jardun behar dutenak.
INAKI URKIZU KEREJETA (BEASAIN, 1961)
Tronpeta ikasi zuen Donostiako Goi-
Kontserbatorioan eta irakasle ibili da
Beasain eta Tolosako musika eskoletan eta
Arrasate Musical delakoan.
Euskal musikaren 80ko hamarkadaz geroko
doinuak batzen dituen bilduma baten egilea
da, eta lehenengo hiru aleak plazaratuta
daude dagoeneko: Jaialdia, Dantzaldia y Betioskorri.
Azken 9 urte honetan, Ertzaintzaren
Musika Bandako zuzendaria izan da, bertan
lan pedagogiko handia egin duelarik.
Ia 750 kontzertu zuzendu eta José Franco,
Luis Aramburu, José Mª González Bastida
eta Juan Arzamendiren obrak biltzen dituzten
zenbait CD grabatu ditu Bergarako
Orfeoiarekin.
|
|
|
^
|
Uztailean, musika-udalekuak gaztetxoentzat
Ikasturtea amaitzeko zorian delarik, BilbaoMusikak uda
era berezi-berezi batez hasteko aukera eskaini nahi dizu,
“Musika bai!” Musika-Udalekuen bitartez. Gazteenek
musikaren mundu zirraragarria ezagutuz hasi ahal izango
dituzte luzaz irrikatutako oporrak, musikarekin jolastuz,
musika joz eta musika biziz. Bi astetan, 3 eta 12 urte
tarteko neska-mutilek musika sentitzen ikasiko dute
metodo jostagarri eta parte-hartzaile baten bidez, txikienen
gustukoak diren jarduerak barne hartuta, hala nola,
jolasa, pintura, mimoa eta dantzak.
Musika bai! uztailean egingo da Bilboko Udal Musika
Eskolako instalazioetan, eta iaz bezalaxe, aurrikusita
dagoen eskari handiari aurre egin ahal izateko, bi txanda
antolatuko dira (uztailak 2-12 eta uztailak 16-27).
Iaz udaleku hauek ikasle gaztetxoen artean lortu zuten
arrakastaren haritik, orduan parte hartutako askok
esperientzia errepikatuko dute aurtengo edizioan.
Ondorioz, lehen txanda beteta dago eta bigarrenak
bide berari jarraituko diola ematen du.
Musika-udaleku hauetan, musikari profesionalak, gorputz-
hezkuntzako lizentziatuak eta BilbaoMusikako
kolaboratzaileak ibiliko dira irakasle, eta errepertorioan,
era guztietako doinuak eta musika-estiloak tartekatuko
dira, Barrokoaren garaitik gaurdainokoak.
Udaleku bakoitzaren amaieran (uztailaren 13an eta
27an), familia osoarentzako kontzertua egingo da
Bilborock aretoan (“Musika familian”), eta bertan
diplomak banatuko dira parte-hartutakoen artean.
Antzerkia ere bai
Eskolak goizeko ordutegian emango dira (9:30-13:30)
astelehenetik ostiralera bitartean, salbu eta “Sormena,
antzerkia eta eboluzioa” aukerako ikasgaia hautatu
dutenen kasuan. Ikasgai hau goizeko 8:30etan hasiko
da egunero, eta ordubetez, ikasleek arte eszenikoetako
abileziak ikasi eta garatzeko aukera izango dute.
Honako hauek dira programatu diren gainerako ikasgaiak:
“Musika, kontzertu didaktikoa”, “Adierazpidea,
jolasak eta gorputz-hezkuntza”, eta atsedena eta
hamaiketakoaren ondoren, “Dantza eta koreografiak”
eta “Kantua, koru entsegua”. Plaza kopurua mugatua
denez, interesatuek ekainaren 15era arte dute zabalik
izena emateko epea. Plazen banaketa inskribapenen
hurrenkeraren arabera egingo da. Izen-ematea
BilbaoMusikako bulegoetan egin daiteke, 115 euroren
truk, edo 135 euroko kostuaz antzerkiaren atala aukeratzekotan.
Izena eman bizkor, plaza gutxi dago-eta!
|
|
|
^
|
Zuzendaritza talde berria
BilbaoMusikan egindako hauteskundeen ondorioz,
zuzendaritza talde berri batek gobernatuko du Eskola
datozen hiru urteotan. Zuzendaritza talde berria Luis
Fernando Barandiaranek (Zuzendaria), Juncal Lozanok
(Ikasketa-Burua) eta Sergio Alonsok (Idazkaria) osatzen
dute. Orrialde hauetatik eskerrak eman nahi dituzte
haiengan ezarritako konfiantzagatik, eta ondorioz,
zuen esanetara dauzkazue guztion arteko lankidetzaz
Eskolak bere osotasunean aurrera egiten jarrai dezan.
Luis Fernando Barandiaran (Zaratamo) zuzendari
berriak Bilboko Musika Kontserbatorioan hasi zituen
musika ikasketak, eta ondoren, Bartzelonako Goi
Musika-Kontserbatoriora joan eta piano ikasketak amaitu
zituen bertan, kalifikaziorik onenaz amaitu ere.
Barandiaranek hainbat sari jaso ditu nazioarteko lehiaketetan
eta emanaldiak eskaini ditu Italian, Frantzian,
Alemanian eta beste herrialde batzuetan. Juncal Lozano
eta Sergio Alonso, bestalde, Eskolako Musika-Lengoaia
eta Klarinete arloetako irakasleak dira, hurrenez hurren.
Aita Donostiari omenaldia
Hurrengo ostegunean, maiatzak 31, hitzordua duzu
Bidebarrietako Liburutegian iluntzeko 8etatik aurrera.
Luis Fernando Barandiaran Eskolako zuzendari berriak
Aita Donostiaren omenezko kontzertua eskainiko du
Patxi Garciaren lankidetzaz, azken honek errezitatzaile
lanetan jardungo duelarik. Ekitaldia Aita Donostiaren
(1886-1956) heriotzaren 50. urteurreneko ospakizunekin
bat eginez antolatu da, errepertorio ezin erakargarriago
baten bidez. Euskal musikagile ezagunaren 13
preludioak pianoan jotzeaz gain, Barandiaranek Guridi
(“Amorosa”), Usandizaga (“Rapsodia Vascongada”) eta
Ravel-en (“Jeux d’eau”) piezak erabiliko ditu kontzertua
hasi eta amaitzeko. Ez huts egin, zerrenda irakurriko
dugu eta!
|
|
|
^
|
Lehen Saria txistulari taldearentzat
“Izenbaiku”, Musika Eskolako txistularien taldeak
lehen saria lortu zuen, taldeen mailan, Hernaniko III
Txistularien Jaialdian, aurreko maiatzaren 5ean ospatu
zena. Txistulariek ere beste bi kategoriatan hartu
zuten parte (bakarkakoa 12 urtera arte eta 13 eta 16
urte bitartekoa). Jasone Akizu txistulariak, taldearen
arduraduna, oso harro sentitu zen emaitzaz izan ere
lehiaketan parte hartu duen Bizkaiko Musika Eskola
bakarra izan baita.
|
|
|
^
|
Txistulari agerraldia Pirritx eta Porrotxen laguntzaz
Zuek ere bertan egotea nahi dugunez gero, jakinarazi
behar dizuegu, abuztuaren 26an, Bilboko Aste
Nagusiko giro paregabearen barruan, BilbaoMusikak
antolatutako Txistulari Agerraldia egingo dela Plaza
Barrian. Urruti samar geratzen zaigu, egia da, baina
parte hartuko duten taldeen kalitatea gogoan hartuta,
jakinaren gainean jarri nahi zaituztegu. Urtero
bezala, Aste Nagusiko azken egunean, igandea,
abuztuak 26, agerraldia ikustera inguratzen zaretenok
euskal musika eta dantzarik onenaren “aukeraketa”
bat ikusi ahal izango duzue 13:00etatik aurrera
eta, nola ez! Pirritx eta Porrotx pailazoen umoreaz
gozatzeko aukera.
Bilboko Udal Txistulari Bandak zuzenduta, eta taldeko
zuzendari Garikoitz Mendizabalen batutapean,
jai ekitaldi honetan itzal handiko artistek eta taldeek
parte hartuko dute, hala nola, Euskadi Brass Metal
Bostkoteak, Beti Jai Alai Dantza Taldeak, San Anton
Abesbatzak, Maiteder Olano txistulariak, Xabier Paia
bertsolariak eta Pirritx eta Porrotx pailazoak. Leire
Zorrozua kazetariak aurkeztuta, agerraldiak “Bizkaia
maite”, “Ixil ixilik”, “Ikusi mendizaleak” edo
“Maritxu” bezalako doinu herrikoiak bilduko ditu,
betiko kantuak oinarritzat hartuta.
Ikuskizunak 90 minutu inguruko iraupena izango du,
eta “Eibar” doinu tradizionalaz hasiko da, Jose
Inazio Ansorena txistulari ezagunak egindako moldaketa
medio. Ospakizun honetan entzungo diren
beste doinu batzuk ere arras ezagunak eta herrikoiak
dira, hala nola, Ansorenak moldatutako “Ixil
ixilik”, “Maritxu” eta “Bedaiokoak”, Benito
Lertxundi konpositore gipuzkoarraren “Bizkaia
maite” edota Oskorri taldearen “Tiriki trauki” eta
“Gora ta gora”. Agerraldia amaitzeko, Sabin
Gereñuren “Ikusi mendizaleak” eskainiko da.
Ikus dezakezuenez, euskal musika eta dantzaren
“dream team” oso bat bildu da agerraldi honetarako,
2007ko Aste Nagusiari luxuzko amaiera emateko
asmoz. Egia esanda, guztiok triste samar egongo gara
jaiak amaitzerakoan, baina ezin dugu bazterrean utzi
gure kulturaren onenaz gozatzeko aukera hau.
Publikoaren arrakasta bermatuta dago, noski, bai
ZEU ere gurekin egotea nahi dugu. Ez hutsik egin!
|
|
|
^
|
“Hala ere”, eskusoinua protagonista duen CD berria
Bilboko Udal Txistulari Bandak eutsi egiten dio euskal
musika-tresnarik bereizgarrienaren interpretazioaukerak
bultzatzeko apustuari. Alos Quartet hari-laukotearekin
batera grabatutako “Harizko txistua” izenburuko
CDaren esperientzia gogoangarriaren ondoren,
Bandak aurre egiten dio orain eskusoinua protagonista
duen “Hala ere” bere hurrengo lan diskografiko
berriari. CD honetan, prestigio handiko euskal
musikariek parte hartu dute, Aitor Furundarena, Kepa
Junkera, Iñaki Salvador edota Frantzian jaio baina
Euskal Herrian bizi den Pascal Gaigne musikagilea tarteko
direla. Azken honek “Silencio roto” (Montxo
Armendarizena), Goya saria irabazi duen
“Azuloscurocasinegro” eta beste hainbat filmetarako
musika konposatu du. “Hala ere” izenburuak Lourdes
Iriondoren poema bat gogorarazten du. Xabier Letek
jarri zion musika duela urte batzuk eta Joxean
Goikoetxea soinujoleak —diskoa grabatzeko gonbidatu
dituzten musikari eta musikagileetako bat— oinarritzat
hartu du musika konposatzerakoan.
Lan diskografiko berrien argitalpenari dagokionez,
Garikoitz Mendizabal, Bilboko Txistulari Bandako
zuzendaria, lehen bakarkako lana prestatzen hasia da.
Txistu eta danbolinerako CDa izango da, eta Udal
Txistulari Bandako zuzendari izan zen Boni
Fernandezen behialako grabazioetan bezalaxe, bakarlarientzako
ohiko errepertorioaz baliatuko da.
Bestalde, aurrera jarraitzen du “Harizko txistua” kontzertu-
zikloak. Maiatzaren 12an Santa Krutzeko Ermitan
(Azkoitia) eskaini zuen azken kontzertuaren ondoren,
azaroaren 25ean Araian (Araba) taularatuko da berriro
ere Bilboko Txistulari Banda, euskal xirulen eta hari-instrumentu
klasikoen arteko fusio berezi hau aurkezteko.
Hala ere, ez da beharrezkoa izango azarora arte itxarotea
edo Bilbotik kanpora joatea “Harizko txistua” entzuteko,
disko-denda guztietan baitago salgai dagoeneko.
Euskalduna Jauregian egin zen aurkezpen ekitaldira
eta geroko kontzertuetara joaterik izan ez baldin
baduzu, oraintxe duzu aukera musika-saio berritzaile
honetaz gozatzeko. Entzun ezazu, ez zaizu damutuko.
|
|
|
^
|
Kalejira Zazpi Kaleetan zehar
“Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertu zikloa
amaitutakoan, Udal Txistulari Banda Euskalduna
Jauregitik Zazpi Kaleetako ohiko kalejiretara itzuliko
da. Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatutako
lankidetza-hitzarmenari esker, Bandak kalejirak
egingo ditu larunbatero, goizeko 11etan, auzoan
zehar. Zazpi Kaleetan pintxotan edo erosketan ibiltzea
gustuko baldin baduzu, beste arrazoi bat duzu
orain Bilboko auzo jator honetara etortzeko.
|
|
|
^
|
Ostiralean, hitzordua duzu Areatzako Kioskoan
Arriaga Antzokian, prestigio handiko bakarlari eta
zuzendari gonbidatuen laguntzaz igande-igandero
eskaini duen udazken-neguko kontzertu-denboraldi
arrakastatsuaren ondoren, Udal Musika Banda
Areatzako kioskora itzuli da. Udaberria eta eguraldi
goxoaren etorrerarekin batera, Udal Bandak hainbat
kontzertu eskainiko ditu eszenatoki horretan maiatzean
eta ekainean. Aurtengo berrikuntza nagusia kontzertuak
egiteko eguna izango da: ostirala —ekaineko
azken kontzertua izan ezik, ostegunean egingo baita,
hilak 21, Musikarekin Europar Egunean—, iluntzeko
zortzietatik aurrera, eta taldeko zuzendari titular
Rafael Saenz-Espert, Iñaki Urkizu zuzendariordea eta
zuzendari gonbidatuen batutapean.
52 musikari biltzen dituen 110 urteko musika-talde
honek joan den ostiralean, maiatzak 11, hasi zuen kontzertu
sorta hau. Astebete geroago (hilak 18), Bandak
lehen musikari gonbidatua ekarriko du, Francisco
Signes, Castellóko Udal Musika Bandako Zuzendari
Titularra. Signes Real de Gandía herrian (Valentzia) jaio
zen, eta urtetan, Villareal-eko “La lira” bandako zuzendaria
izan da (1975-1988), 1981etik 1983ra bitartean
Viver-eko (Castelló) bandako kargu berberaz arduratu
zelarik. Musikari valentziarra Madrilgo Udal Banda
Sinfonikoarekin, Bartzelonako Udal Bandarekin eta
Estatuko beste hainbat bandekin batera lan egin du
gonbidatu gisa. Nabarmentzeko modukoa da, halaber,
musikagile bezala egin duen lana. “Diptic per a
Orquesta” izenburuko bere lanaren estreinaldirako,
Valentziako Goi-Kontserbatorioko Orkestra zuzendu
zuen, eta 2006an, VIII. “Albeterako Uria” Pasodoble-
Konposaketarako Lehiaketa irabazi zuen. Maiatzeko
egitaraua amaitzeko, Rafael Sanz-Espertek zuzenduko
du hilaren 25eko kontzertua.
Ekainari hasiera emanez, hilaren 1eko kontzertua Iñaki
Urkizu zuzendariorde berriaren batutapean egingo da.
Astebete geroago, bigarren gonbidatuaren txanda
izango da, Valentziako Udal Bandako zuzendariorde
Francisco Fort Fenollosa-ren (1938, Moncada-Valentzia)
txanda, alegia. Fort Alcocer-eko Santa Zezilia Musika-
Elkarteko Banda zuzentzeaz arduratu zen 1972an, eta
talde honekin batera hainbat sari eskuratu zituen,
Kerkrade-ko (Holanda) nazioarteko lehiaketan banden
alorrean lortu zuen lehen saria eta “cum laude” domina
barne. 1980az geroztik, hainbat banda zuzendu
ditu, hala nola, Cullera-ko “Musika Ateneoa”, Llombaiko
Musika-Batasuna edota Madrilgo Udal Banda
Sinfonikoa, besteak beste. Ekainaren 15ean, Iñaki
Urkizu arduratuko da berriro Banda zuzentzeaz, eta
kioskoko zikloa amaitzeko, ostegunean, hilak 21,
Bandak Musikaren Europar Eguna inauguratzeko kontzertua
eskainiko du.
|
|
|
^
|
Aste Nagusiko protagonistak
Bilboko Udal Musika Bandak uriko gertaerarik aipagarrienetan
parte hartu ohi du, eta Aste Nagusia ez da
salbuespena. Abuztuko jai-egitarauaren barruan,
kontzertu bana eskainiko du egunero (igandetik,
abuztuak 19, hilaren 26ra bitartean) Areatzako
Kioskoan, eguerdiko 12etatik aurrera, zuen guztion
musikarik gustukoenaz. Ohiturari jarraituz, bestalde,
Bandak Bilboko Aste Nagusiarekin batera antolatzen
diren zezenketa guztiak alaitzen jardungo du Rafael
Sanz-Esperten zuzendaritzapean.
Nolanahi ere, aurtengo jaietako plater nagusia iazko
eguberrietan Oskorrirekin batera grabatutako kontzertuaren
berrargitalpena izango da, zalantzarik
gabe. Bilboko antzokian egoteko aukerarik gabe geratu
zineten guztiok —egon zirenek ere errepikatu egingo
dute, ziur— beste aukera bat izango duzue
Uribitarten, asteartean, abuztuak 21, 23:30etatik
aurrera. Kontzertu berezi hau, azken hiru hamarkadetako
euskal musika herrikoia ulertzeko ezinbesteko
erreferentzia bihurtu den Oskorri taldearen 35 urteko
errepertorio historikoaren errepasoa izango da. Euskal
musika talde ospetsuaren soinu berezia jagon eta
Bandaren nortasunari eutsi nahirik, jatorrizko moldaketa
berriak idatzi dira Hilario Extremiana musikagile
ezagunaren eskutik. Fusio honen emaitza, iazko abenduan
egiaztatu ahal izan zenez, zeharo harritzeko
modukoa da, eta ondorioz, publikoak aparteko kontzertu
paregabeaz gozatzeko aukera izango du.
|
|
|
^
|
Musikaren Europar Eguna
Aste Nagusia iritsi baino askoz ere lehenago, ezinbesteko
hitzordua dugu ekainaren 21ean Musikaren
Europar Eguna ospatzeko. Duela zazpi urtez geroztik,
Bilbok bat egiten du Europako hainbat hiriburutan
ospatzen den egun berezi horri begira antolatzen
diren ekitaldiekin, hiriaren erdigunean nahiz auzoetan
hainbat eszenatoki kokatzen direlarik. Bilboko
Udal Musika Bandak bat egin du ekimen honekin, ezin
bestela izan noski, eta Musikaren Europar Egunari
hasiera emateko ohorea izango du, Areatzako
Kioskoan eskainiko duen kontzertuaz.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Maiatzak 26 | Larunbata | MUSIKALDI | Euskal Herriko
Musika-Eskoletako Festa | Erandio
Emanaldiak gune desberdinetan egun osoan zehar.
Eskolako ikasle eta irakasleak
Maiatzak 30 | Asteazkena | BilbaoMusikako Auditorioan |
20.00etan | Doako sarrera
Gregorio Benítez (pianoa), “Juventudes Musicales”en kontzertua.
Maiatzak 31 | Osteguna | Hika Ateneoa | 20.00etan
Jam Session
Maiatzak 31 | Osteguna | Bidebarrietako liburutegia
20.00 etan | Doako sarrera
Aita Donostiari kontzertu omenaldia, Luis Fernando
Barandiaranen (piano), Udal Eskolako zuzendaria, eta Patxi
García errezitatzailearen eskutik.
Ekainak 5 | Asteartea | BilbaoMusikako Auditorioan
20.00 etan | Doako sarrera
Pedro Mateo, Gitarra Lehiaketako irabazlea, “Juventudes
Musicales”en kontzertua.
Ekainak 17 | Osteguna | Funikularren Plaza | 12.30etan
Musika Eskolako Bandaren kontzertua.
Ekainak 21 | Osteguna | BilbaoMusika ondoan jarritako antzeztoki
librea | MUSIKAREN EUROPAR EGUNA
Musika Eskolako ikasleen eta irakasleen emanaldi ezberdinak.
Uztailak 13 | Uztailak 27 | Ostirala | Bilborock
Familiarteko Kontzertua, udaleku bakoitza (Musika Bai!
Musika udalekuak) bukatzearekin batera. Kontzertuetan
asistentziazko diplomak banatuko dira.
UDAL TXISTULARI BANDA
Larubata | Zazpikaleak Bilbo | 11.00etan
Kalejirak
Abuztuak 26 | Igandea | Plaza Barria | 13.00etan
Txistulari Alardea, Udal Txistulari Bandarekin. Euskadi Brass
Metal Bostkotea, Beti Jai Alai Dantza Taldea, San Antón
Abesbatza, Pirritx eta Porrotx, Maiteder Olano txistulari eta
Xabier Paia bertsolariak hartuko dute parte.
UDAL MUSIKA BANDA
Maiatzak 18 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Francisco Signes,
Castellóko Udal Musika Bandako zuzendari titularra.
Maiatzak 19 | Larunbata | Buia Auzoa | 12.00etan
Kontzertua Buiabarri plazan.
Maiatzak 25 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari titularra. Rafael Sanz-Espert.
Maiatzak 26 | Larunbata | Altamira Auzoa | 12.30etan
Kontzertua Altamira Auzoko frontoian.
Ekainak 1 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendaria: Iñaki Urkizu, zuzendariorde titularrak
zuzentzen du Udal Banda.
Ekainak 8 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Kontzertua. Zuzendari gonbidatua: Francisco Fort Fenollosa,
Valentziako Udal Bandako zuzendariordea.
Ekainak 15 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Zuzendaria: Iñaki Urkizu, Udal Bandako zuzendariordea
Ekainak 21 | Ostirala | Areatzako kioskoa | 20.00etan
Musikaren Europar Egunaren hasiera kontzertua. Zuzendari
titularra: Rafael Sanz-Espert.
Aste Nagusia | Abuztuaren 19tik 26ra
Kontzertuak Areatzako kioskoan (12.00etan) eta Zezen-plazan
(18.00etan).
Abuztuak 21 | Asteartea | Uribitarte | 23.30etan
Udal Bandaren kontzertua Oskorriren laguntzaz, euskal
talde ezagunaren 35. urteurrenaren omenaldia.
|
|
|