|
^
|
“BilbaoMusika Berriak”en ale hau ikasturte berria hasteko
garaian argitaratu dela aprobetxatuz, agur berezia
igorri nahi nieke lerro hauen bitartez, Musika Eskolan
aurten matrikulatu diren pertsonei, 1.500 inguru guztira,
eta bereziki, lehendabiziko aldiz musika-tresna bat
menperatzen ikasteko erronkari aurre egin diotenei.
Gertutik ezagutzen ditut eginkizun horrek dakartzan
zailtasunak eta ahaleginak, baita pozak eta atseginak
ere, eta hauek guztiek ez dute inongo zerikusirik interpretazioaren
profesional bihurtu edota eremu pribatuan
musika egiteko helburuarekin. Orain abiatu den
ikasturte berrian, badugu gainera beste atsegin bat,
fagota gaineratu baitiogu Eskolaren orain arteko prestakuntza-
eskaintzan zegoen instrumentu zerrenda
luzeari.
Gure bi talde profesionalei dagokienez, Udal Musika
Banda eta Txistulari Banda alegia, zorionak eman behar
dizkiet orain arteko ibilbideagatik, eta azken urteotan,
kalitatea eta berrikuntzaren haritik eta grabazioak zein
zuzeneko emanaldiak eskainiz, musikazaleak erakartzeko
izan duten ahalmenagatik, Arriaga Antzokian zein
Euskalduna Jauregian.
Iñaki Salvador pianojole donostiar ezagunak,
Asteazkenetan Txistua Benetan zikloaren denboraldi
berrian parte hartuko duten musikari gonbidatu bikainen
izenean, hausnarketa interesgarria eskaintzen digu
orrialdeotan gure musika-tresna tradizionalenak “mestizajea”
lantzeko eskaintzen dituen ahalbideen inguruan.
Txomin Mujika.
BilbaoMusikako Zuzendari Gerentea
|
|
|
^
|
BERRIKUNTZA UGARI IKASTURTE HASIERAN
Hilabete inguru joan da ikasturtearen hasieratik, uda
nahiko urruti geratu da dagoeneko, eta aisa asko esan
dezakegu “eskolarako itzulera” ez dela uste bezain
gogorra suertatu. Zergatia ulertzeak ez du lanik ematen:
musika maite dugu eta ikasteko irrikitan gaude. Gainera,
jardueraz betetako udazkena prestatu dizuegu, eta halaxe
egiaztatu ahal izango duzue Urian musika hedatu eta
sustatzea helburu duen BilbaoMusika berriak-en ale
honetan bertan, eta gure webgunean ere bai.
Lehenik eta behin, Bilboko Txistulari Banda aipatu
behar dugu derrigorrez, eta “Hala ere” izenburuko
bere bigarren diskoa. Barruko orrialdeetan xehekiago
azalduko dizkizuegu txistua eta eskusoinua uztartzen
dituen proiektu berritzaile honen nondik norakoak,
Kepa Junkera, Aitor Furundarena edota Joxean
Goikoetxearen kategoriako musikari prestigiotsuak tarteko
direla. Musikari hauetako bat da, hain zuzen ere,
gure elkarrizketako protagonista: Iñaki Salvador pianojolea.
Salvador gure arteko jazz musikaririk ezagunenetakoa
da, eta antzerkia, zinema eta telebistarako musika
egiteaz gain, Mikel Laboa, Oskorri, Luis Eduardo
Aute eta Golden Apple Quartet bezalako artisten ondoan
lan egin du. Ez galdu barruan eskaintzen dizkigun
gogoeta ezinago interesgarriak. Gainera, informazio
gehiago aurkituko duzue Txistulari Bandak Euskalduna
Jauregian Cum Altam edo Donostiako Txistulari Banda -
bezalako gonbidatu berezien konpainian eskainiko
duen “Astezkenetan, txistua benetan” kontzertu-zikloaz
eta Eguberriko kontzertu tradizionalari buruz.
Leporaino beteko da; ez hutsik egin.
Eta jakina, ez zaigu ahaztu behar Bilboko Udal Musika
Banda. Arriagako kontzertu denboraldia hasita dago
jadanik, eta ziur zuetako asko horren lekuko izan zaretela.
Barruko orrialdeetan kontsultatu data guztiak, eta
bakarlari ospetsuen eta bisitan etorriko zaizkigun
zuzendarien erlazioa. Informa zaitez, halaber, Musika
Eskolak eskainiko dituen berrikuntza guztiez. Aurten,
esate baterako, aurreko ikasturte batzuetan izandako
bi ikasgai berri sartu ditugu, Panderoa eta Txalaparta,
eta estreineko aldiz, gaur egungo edozein orkestratan
ezinbesteko musika-tresna bihurtu den instrumentu
bat, fagota. Horrexen berri ematen dizuegu, besteak
beste, aldizkariaren seigarren ale honetan.
Besterik gabe, gida labur hau lagungarri suertatuko zaizuen
esperoan, datorren urtera arte agurtu behar zaituztegu.
Eskerrik asko BilbaoMusika errealitate bihurtzen
laguntzen duzuen guzti-guztioi.
|
|
|
^
|
IÑAKI SALVADOR
Txistulari Bandaren “hala ere”
disko berrian parte hartu duen musikagile gonbidatua:
"Nortasuna galdu gabe, txistuak eta eskusoinuak elkarri
protagonismoa ematea lortu nahi izan dut"
Pianojole, moldatzaile eta musikagilea izateaz gain,
Iñaki Salvador Estatuko jazz munduko izenik
garrantzitsuenetakoa da. Euskal musikariak antzerkia,
zinema eta telebistarako musika idatzi du, eta
horrekin batera, moldatzaile eta interprete bezala
lan egin du Mikel Laboa, Oskorri, Imanol, Luis
Eduardo Aute, Golden Apple Quartet eta beste zenbait
artistaren 60 disko baino gehiagotan. Pianojole
donostiarraren agenda proiektuz beteta dago datozen
hilabeteotarako: birak Kolonbia eta Ekuadorren
zehar; Serrat, Aute edo Fito Paezen kantuak Ainara
Ortegaren ahotsean eta Salvadorrek moldatuta biltzen
dituen CD berri bat (“Te doy una canción”) prestatzea;
hirukote formatuko kontzertuak, edota,
Edorta Lamo sukaldariarekin batera, gastronomia
eta musika uztartuko dituen disko-liburua plazaratzeko
proiektua. Salvadorrek, halaber, Bilboko
Txistulari Bandaren “Hala ere” CD berrian izan duen
partaidetzaren nondik norakoak laburbildu dizkigu.
“Hala ere”. Zerk animatu zintuen proiektuan parte
hartzera?
Dudarik gabe, proposamenaren interes musikalak.
Sorkuntzaren egungo egoeran ez da erraza musikagintza
sustatu eta bultzatzen duten pertsona eta erakundeak
aurkitzea. Niretzat, pribilegio eta ohore
handia izan da Bandako arduradunek gogoan izan
nintzaten proiektuan parte har nezan. Benetako
oparia izan da niretzat.
Zu pianojole bezala ezagutzen zaitugu gehienbat,
baina CDan txistua eta eskusoinua dira nagusi.
Nolako harremana izan duzu euskal musika herrikoiarekin
hain lotuta dauden instrumentu hauekin?
Con el txistu he tenido la relación que cualquier persona
con cierta sensibilidad musical y nacida aquí
puede establecer desde lo emocional: es un instrumento
que nos referencia (no el único, pero de
manera clara) con todo ese inconsciente colectivo cultural
que damos en llamar “raíces”.
Txistuarekin, hemen jaio eta nolabaiteko sentiberatasun
musikala duen persona orok emozioen aldetik
manten dezakeen harreman bera izan dut: gure erreferentziazko
instrumentua da (ez bakarra, baina bai
begibistakoena), “sustraiak” deritzogun kultur
inkontziente kolektibo hori bere baitan biltzen
duena.
Eskusoinuari dagokionez, jotzen dakidan instrumentua
da, oso era apalean orain, ez dudalako ikasteko
edo lan egiteko erabiltzen. Atsegin handia hartzen
dut instrumentu honen adierazgarritasun eta ahalmen
lirikoaz, eta eskusoinuarekin konpromiso edo
konplexutasun handiagoko errepertorioak jotzeko
teknika galdu samarra daukadan arren, oraindik bere
ezaugarriak garatzeko gauza sentitzen naiz. Eta oso
pozgarria deritzot azken urteotan izan duen garapenari,
prestakuntza eta sorkuntza handiko interprete
ausart, geldiezin, jakinahi eta fusio-zaleei esker.
Nola deskribatuko zenuke diskorako konposatu
duzun pieza?
Nire ustez, dibertimendu txiki bat da, testura “klasikoak”
deritzenak, kontrapuntu kutsu batzuk kasu,
jazz musika eta inprobisatutako musikaren erreferentzia
dakarkiguten beste momentu batzuekin
uztartzeko xedez osatutakoa. Txistuak eta eskusoinuak
protagonismoa txandapasa atseginean partekatzea
izan da nire helburua, elkarbizitza harmoniko
batean, baina instrumentu baten edo bestearen izaera
eta nortasuna ukatu gabe.
Garikoitz Mendizabalek, Txistulari Bandako zuzendariak,
txistua bere jatorrizko esparruarekin zerikusirik
ez duten bestelako instrumentu, estilo eta generoekin
nahastekatu ditu azken lanetan, musika klasikotik
jazzeraino. Zer iritzi duzu esperientzia honetaz?
Garikoitzek planteatzen duen esperientziaren aurrean,
mirespena eta begirunea sentitzen dut. Nire
ustez, esperientzia oso mesedegarria izango da txistuarentzat
partikularzki, baina baita musikarentzat
eta musikarientzar orohar. Honelako proiektuak ez
dira sosetan ordaintzen, eta urte batzuk pasatu arte
ez dago benetako eragina neurtzerik. Seguraski,
gogoan hartzeko moduko arrisku bakarra, musikariok
ezezagunaren beldurrez har dezakegun ezin ulertuzko eta mesfidantzazko jarrera da. Nire ustez,
aurriritziak baztertuz eta esperientzia honen emaitzak
ezagutzeko prest egonez gero, bihotza erabiliz
buruaren gainetik, aintzat hartu ahal izango dugu
hegan dakien hegaztiari zerumuga berriak eskaintzen
dizkion ideia honen garrantzia.
Jazza hizpide dugu orain. Non eta noiz sortu zitzaizun
musika honekiko zaletasuna?
Oso gazterik eta oso modu inkontzientean sortu zela
esango nuke. Txikitatik, oso deigarriak egiten zitzaizkidan
kantautoreen abestietako momentu batzuk,
niretzat guztiz magikoak eta adieraztezinak zirenak:
bat-batean, gitarra batek, saxo batek edo piano
batek askatasunezko edo inprobisaziozko konpasak
eskaintzen zituzten, arrazoibidearen aldetik ezin
konprenituzkoak eta magikoak iruditzen zitzaikidanak.
Apurka-apurka, denboraren poderioz, eta kontrolpeko
eromen-une haietan gertatzen zenaren
xehetasun teknikoak ikasi ahala, argi ikusiz joan nintzen
jazzean bazegoela musikari bezala esploratu,
ezagutu eta garatu nahi nuen zerbait. Jorratu nahian
nenbilen bidea zela konturatu nintzen, eta seguraski
gusturago sentituko nintzela bertan beste ibilbide
musikal batzuetan baino.
Euskadik munta handiko hiru jazz jaialdi ditu:
Getxokoa, Gasteizkoa eta Donostiakoa. Zein da zure
gustukoena? Eta egia esan, mesedez.
Egia aitortzea nahi baduzu, kostaldekoak esango
nuke, ezta? Bromak alde batera utzita, eta zuzentasun
politikoan erori nahi gabe, bene-benetan esan
behar dizut, urtero bat izaten dela besteak baino
gehiago interesatzen zaidana. Gogoan hartu behar
da, noski, zeintzuk diren batean ala bestean erakargarriak
iruditzen zaizkidan kontzertuak. Gainera,
hain liluragarria iruditzen zait zuzeneko musika,
zuzeneko sentsazio hori, non sekulako atsegina hartzen
baitut, bai askotan eta ia “sobera” etorri zaizkigun
artistak biltzen dituzten eskaintzekin (horietako
asko erreferentzia historikotzat jo eta jazz merkantilista
eta merkantilizatuaren ohiko ordezkariak dira),
bai eta lantzean behin, sorkuntza, musika eta planteamendu
berriak ikusteko aukera ematen diguten bestelako
proposamenekin ere. Egoki ikusten dut guztia,
den-dena mesedegarria egiten zait, baina zenbaitetan,
ezin ukatu, arrisku-ahalmen handiagoa aurkitu
nahi nuke programazio batzuetan.
Musikenen irakasle zabiltzanez gero, zer iruditzen
zaizu musika-prestakuntza Euskadin?
Ez nago kualifikatuta horren galdera generikoari
zehaztasunez erantzuteko, eta ez daukat daturik iritzia
nire pertzepzio pertsonaletik at eman ahal izateko.
Nik ez dakit zehatz-mehatz zer egiten ari den
euskal musika eskoletan. Zalantzarik gabe, gauza bat
da legea, eta beste gauza bat, irakaskuntzako profesionalek
egiten duguna errealitate bihurtzeko, eta
elkarrekin ibil daitezke ala ez. Gauza bat argi esan
dezaket, inguru hau nahiko ondo ezagutzen dudalako:
Musikenen garrantzi handiko lana egiten ari
dela. Abian jartzeko ahalegina apustu arriskutsu eta
ausarta izan bazen ere, ziur nago inor ez dela hartaz
damutuko.
IÑAKI SALVADOR (DONOSTIA, 1962)
Pianoa, eskuisoinua, Harmonia, Kontrapuntua
eta Fugari dagozkien ikasketa klasikoak egin
ditu Jesus Gonzalez Alonso, Francisco
Escudero eta prestigio handiko beste maisu
batzuekin.
Bere jazz taldeetako liderra izan da: Iñaki
Salvador Trio, Naima Quartet, Andrej
Olejniczak-Iñaki Salvador, Iñaki Salvador &
Zilbor Hestea, guztiekin diskoak plazaratu
dituelarik
Finalista izan zen 2001eko MAX sarietan,
“Novecento, pianojolea Ozeanoan” muntaiarako
idatzi zuen musikagatik, eta “Sí, quiero”
(1999) eta “Kutsidazu bidea, Isabel” (2006) filmetako
soinu-bandak konposatu ditu
Musikene Euskadiko Goi-Ikasketa Zentroan
jazz sailaren bultzatzaile nagusia izan zen,
baita lehenengo zuzendaria ere hasierako hiru
urteetan; gaur egun, Zarauzko Nazioarteko
Jazz Mintegiko zuzendari pedagogikoa da
|
|
|
^
|
Ikasturte hasieran, ilusioari eutsiz
Hasia da ikasturte berria eta, lehendabiziko sentsazioen
arabera, zuek, BilbaoMusikako ikasleok, guk
darabilgun ilusio berberaz ekin diozue aro berri
honi. Atzean geratu da beste urte bat, lan eta gogo
onez betetakoa, datorkigun honetan ere errepikatzeko
asmoa dugularik eta ziur gaude zuen laguntzaz
lortu egingo dugula.
Hasi bezain laster konturatu gara BilbaoMusika
“hazi” egin dela: dagoeneko 1.450 zarete Eskolako
ikasleok, eta honek %11ko igoera suposatzen du
aurreko ikasturteko matrikulazioen aldean.
Zuetako gehienok “errepikatu” egin behar duzue
Eskolan, eta seguraski “errudun” samarrak zarete
lehen aipatu dugun hazkunde horri dagokionez. Ez
da harritzekoa, bakarrik mugatu baitira ikaskide
berriei gustuko instrumentuaren inguruko ikasketak
hasteak dakarren “atsegina” kontatzera, presiorik
gabeko atsegina alegia.
Eskaririk handiena duten instrumentuak bateria,
kantua, dantza eta pianoa dira. Instrumentu hauetan
oraindik lekurik dagoen ala ez jakiteko, Eskolaren
webgunean (www.bilbaomusika.net) kontsulta dezakezue.
Webgune honetan bertan, BilbaoMusikan
eskaintzen ditugun jarduera guztien berri jaso dezakezue,
hala nola, jam sessions delakoak, kontzertu
didaktikoak, Udalekuak, tailerrak, etab.
Ikasturte honetarako berrikuntzak espezialitate
berrietara mugatzen dira: fagota, txalaparta eta
panderoa. Azken bi instrumentu hauek Eskolako
udaberriko ikastaroetako tailer batzuetan landu
izan dira aurretik, eta ondorioz, ikasle batzuentzat
ez dira guztiz “berriak” izango. Ikastaro horiek lortutako
arrakasta izan zen, hain zuzen ere, ikastegiko
ikasketa-planetan “Txalaparta” eta “Panderoa”
ikasgaiak sartzera bultzatu zuena. Fagota, aitzitik,
estreineko aldiz eskainiko da.
|
|
|
^
|
Fagota, BilbaoMusikako berrikuntza
Fagota mihi bikoitza daukan haize-zurezko musikatresna
da, oboearen familiakoa. Fagotaren hedadurarik
handiena XVIII. mendeetan gertatu zen:
Vivaldik fagoterako 37 kontzertu idatzi zituen, eta
Bach, Telemann, Haendel eta beste musikagile ezagun
batzuek lehentasunezko zeregina eman zioten
beren konposizioetan. Gaur egungo orkestretan, bi
eta lau fagot tartean erabiltzen dira, eta horietako
batek bakarlariarena egiten du behar denean.
Fagotaren tinbrea dela eta, instrumentu ezinago
egokia da Prokofiev-en “Pedro eta otsoa”koa bezalako
tonu liriko eta komikoetarako.
|
|
|
^
|
“Asteazkenetan, txistua benetan”, laugarren denboraldia
Bilboko Udal Txistulari Bandak errepertorio tradizionala
beste musika estilo eta genero batzuekin
uztartzearen alde abiatutako apustua atzo goizean
hasi zela ematen du. Baina Euskalduna Jauregian
antolatzen den kontzertu ziklo honek —
“Asteazkenetan, txistua benetan”— laugarren denboraldia
egingo du aurten, Uriko musika giroan
erabat kontsolidatuta dagoelarik. Bandarekin
gozatzeaz gain, kontzertu hauetara etortzen direnek
Euskal Herriko beste txistulari talde batzuk eta
musika klasikotik, jazzetik, abesbatzetatik,
Ernazimenduko musikatik nahiz folklore tradizionaletik
etorritako interpreteak ezagutzeko aukera
izanen dute.
Garikoitz Mendizabal zestoarrak –txistuaren egungo
panoraman dagoen erreferentzia nagusietakoana-
zuzentzen duen taldearen 2007-2008 denboraldiko
emanaldiak sorpresa erakargarriz beteta
egongo dira. Bilboko Udal Bandak Donostiako eta
Errenteriako banda gonbidatuen konpainian emango
dituen ohiko kontzertuez gain, programak ganbera-
musikari eskainitako bi kontzertu ere tartekatuko
ditu, bata Ernazimentuko musikari eskainia
eta bestea Barrokoari, bai eta Udal Bandaren aurreko
talde batzuetan jardun zuten txistulari beteranoren
omenezko ekitaldia ere, “Boni” Fernandez
tarteko dela. Horrekin batera, omenaldia egingo
zaie berrikitan zendutako bi euskal musikari bikaini,
Joakin Iruretagoiena gipuzkoarrari eta Rodrigo
de Santiago bizkaitarrari.
Bestalde, Eguberriko Kontzertuak lau opera-kantari
txistuaren soinuaz entzuteko aukera paregabea
eskiniko du. Iparraldetik, Mikel Urbeltzen partehartzearekin,
Jean Michel Bedaxagarrek pastoralen
eta Zuberoako ahozkotasunaren tradizio aberatsa
hurbilduko du Euskalduna Jauregira, eta zikloa
amaitzeko, Txistulari Bandak Anjel Unzu buru duen
jazz taldearekin joko du.
|
|
|
^
|
Bandaren “Hala ere” CD berriaren aurkezpena
Bandak “Asteazkenetan, txistua benetan” programan
eskainiko dituen ekitaldien artean badago
bat, erabat nabarmentzeko modukoa dena.
Azaroaren 19an, Txistulari Bandak bere bigarren
diskoa aurkeztuko du, “Hala ere” izenburukoa,
eskusoinua protagonista duena. CD honetarako,
prestigio handiko hainbat euskal musikariren
laguntza izan dute, Aitor Furundarena, Kepa
Junkera, Iñaki Salvador —ale honetako elkarrizketako
protagonista— edota Peio Ramirez —bi
pieza konposatu ditu— tarteko direla. Euskal
musikagile partaideen zerrenda Marijose Arregik,
Xabier Zabalak eta Joxean Goikoetxeak osatzen
dute. CDa Azpeitia, Zumaia, Azkoitia, Orio,
Zarautz, Getaria eta Zestoako udalen eta Lagun
Aro Aseguro Etxearen babespean argitaratu da.
“Hala ere” izenburuak Lourdes Iriondok idatzi eta
Xabier Letek musikatu zuen poema bat gogoratzen
du. Joxean Goikoetxea soinujoleak —diskoan
parte hartu duten musikari gonbidatuetako bat—
erreferentziatzat hartu du obraren musika konposatzerakoan.
Bandak txistua hari-instrumentuekin nahastekatuz
argitaratu zuen “Harizko txistua” izenburuko
bere lehen diskoa gustatu baldin baitzaizuen, ez
galdu esperientzia berri eta berritzaile hau.
Gogoan izan hilaren 19an estreinatuko dela, eta
bertan izanez gero, lehenak izango zaretela eskusoinua
gure musika-tresna bereizgarrienarekin
uztartzeko ahalegin honetaz gozatzeko.
|
|
|
^
|
Beste kontzertu batzuk
Baina “Asteazkenetan, txistua benetan” eta
Euskalduna Jauregitik kanpo ere, bizitzak aurrera
jarraitzen du. Ildo honetan, Bandaren agenda
kontzertuz beteta dago datozen asteotarako.
Lehenengoa urriaren 26an emango du, Getxon,
banda tradizionaleko formatuan; azaroaren 17an,
Getariako elizan, “Hala ere” CDa aurkezteko; eta
azaroaren 23an, banda tradizionaleko formatuan,
kontzertua eskainiko du Bidebarrietako
Liburutegian Udal Txistu Akademiaren 50. urteurrena
ospatzeko. Honen aurretik, “Harizko txistua”
ren kontzertu bana eskainiko du
Arrigorriagan eta Araian, abenduaren 1ean eta
bian, hurrenez hurren.
|
|
|
^
|
Udazkena Arriagan
Udazkena iritsi zaigu, eta urtaro honekin batera,
Bilboko Udal Musika Bandak Areatzatik aldameneko
Arriaga Antzokira aldatu ditu domeka goizeko kontzertuak,
erosotasun-baldintzarik egokienetan
eskaintzeko asmoz, eguraldi kaskarretik salbu eta bi
euroko prezio sinbolikoan. Noizean behin, Bandak
kioskoko eszenatokian ere joko du, baina kontzertuen
egoitza berriak publikoaren adostasuna lortu
du, azken hiru denboralditan udal antzokia leporaino
beteta egon baita.
Erosotasunarekin batera, udal kontzertuen arrakastaren
oinarrian, Banda osatzen duten 51 maisuek
Rafael Sanz-Espert zuzendari titularrarekin eta Iñaki
Urkizu zuzendariordearekin batera frogatu duten
kalitate maila aparta eta genero eta estilo desberdinak
tartekatzen dituen kontzertu-programazio
berritzailea nabarmendu behar dira. Aniztasun hori
da, hain zuzen ere, Arriaga Antzokian urtea amaitu
arte programatu diren sei emanaldien alderdirik erakargarriena.
Txandaka, zuzendari gonbidatuak eta
orkestrako bakarlariak azalduko dira, eta Eguberriko
Kontzertuan Spanish Brass Luur Metals boskotearen
partaidetza berezia izango da.
Laugarren kontzertu denboraldi hau urriaren 7an
inauguratu zen ofizialki. Bandako kidea den Josep
Vicente Ripoll saxo-jotzaileak bakarka jo zuen
orduan, pianoa, bateria eta kontrabaxuaz osatutako
jazz hirukote baten ondoan, taldearen soinu klasikoari
ñabardura bereziak erantsiz. Jarraian, hilabete
honetan bertan (urriaren 28an), beste gonbidatu
berezi bat etorriko da: Fernando Bonete, Albaceteko
Udal Bandako Zuzendari Titularra. Mantxako musikariak sari ugari jaso du: 1992an, Valentziako “Joaquin
Rodrigo” Goi-mailako Musika Konterbatorioak antolatutako
Koru Zuzendaritza lehiaketa irabazi zuen;
1995ean, Madrilgo Goi-mailako Musika Errege-
Kontserbatorioak deitutako Orkestra Zuzendaritza
lehiaketa; eta 1999an, “Valentziako Hiria”
Nazioarteko Lehiaketako kategoria goreneko lehen
saria eta ohorezko aipamena. Era berean, Bonetek
hainbat grabazio egin ditu disketxe desberdinetarako
(RTVE-Musica, Radio 9 eta RNE-Radio Clásica), eta
aldian aldian, Estatuko orkestra eta banda sinfonikorik
garrantzitsuenak zuzentzera gonbidatzen dute.
Iñaki Urkizu, Bandako zuzendariordea, izango da
azaroaren 11n musika talde beterano honen kontzertua
zuzentzeaz arduratuko dena. Eta hilaren
25ean, Bandako beste bakarlari bat entzuteko aukera
izango da: Rafa Climent Pineda. Valentzian jaiotako
musikari hau 1988an bihurtu zen Bilboko Udal
Bandako kide, lehenengo errekintoa jotzen eta gaur
egun klarinetearekin. Handik hona, Bilboko,
Euskadiko eta Espainiako orkestra sinfonikoekin
batera jo izan du, besteak beste. Horrez gain, musika
garaikideko Kuraia elkarteko kidea da, eta talde
honekin, Euskal Herriko eta nazioarteko musikagileen
hainbat kontzertu eta estreinalditan parte hartu
du. Aaron Copland klarinete laukoteko kidea ere
bada, eta han-hemenka eskaini dituen emanaldi
nabarmenen artean, Bilboren 700. urteurrenekoa
azpimarratu behar da, Kuraiarekin Parisen 2001eko
apirilean eman zuena.
Abendua hasteko, hilaren 2an, Bandaren emanaldia
BilbaoMusikako IV. Zuzendaritza Ikastarotik aukeratutako
ikaskideen batutapean egingo da. Rafael
Sanz-Espert, Bandako zuzendari titularra, arduratuko
da ikastaroa emateaz eta zuzentzeaz. Udazkeneko
denboraldia amaitzeko, luxuzko gonbidatua izango
dugu Eguberriko Kontzertuan. Abenduaren 16an,
Bandak Spanish Brass Luur Metals boskotearen lankidetza
berezia izango du. Talde honek bi tronpeta,
tronpa, tronboia eta tuba uztartzen ditu, eta 1989an
sortu zenetik nazioarteko sari eta aipamen ugari
lortu du. Mundu osoko jaialdietan parte hartzeaz
gain, taldea Maurice Jarre musikagile ezagunaren —
“Lawrence Arabiako” eta “Zhivago Doktorea” bezalako
film mitikoen musikaren egilea— kolaboratzailea
izan da, eta Asturiasko Printzea Sariak banatzeko
ekitaldian ere parte hartu du.
Ikus dezakezuenez, argudio musikal sendoak ditugu
udazkenean laugarren denboraldi honetaz goza zaitezten.
Xehetasunak aldizkariko agendan kontsulta
ditzakezue. Sarrerak eskuratu lehenbailehen, bestela
agortu egingo dira eta!
Abendurarteko egitaraua aurreratu arren jakin
badakizue denboraldia martxorartekoa dela.
Hurrengo zenbakian jakinaraziko dizuegu guzti
horretaz.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Azaroak 21 | Eguaztena | La Galera Eraikina | 19.00etan
Ikasleen kontzertua.
Azaroak 22 | Eguena ! Ayala Antzokia, 19.00etan
Santa Zezili Irakasle Kontzertua.
Abenduak 4 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan
Atal Modernoa.
Abenduak 12 | Eguaztena | La Galera Eraikina | 19.00etan
Atal Sinfonikoa.
Abenduak 13 | Eguena | Felix Serrano ikastetxea | 19.00etan
Atal Sinfonikoa.
Abenduak 17 | Astelehena | El Karmen Aretoa | 19.00etan
Ekalrteen Atala.
Abenduak 19 | Eguaztena | La Galera eraikina | 19.00etan
Akordeoilari Atala.
Abenduak 22 | Zapatua | Goizez
Alde Zaharretik Kalejira.
Urtarrilak 29 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan
Atal Tradizionala.
UDAL MUSIKA BANDA
Urriak 7 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Bakarlari gonbidatua: Josep V. Ripoll, Bilboko Udal Musika
Bandako saxofoijolari bakarlaria. Lehen Zuzendaria: Rafael
Sanz-Espert.
Urriak 28 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Zuzendari gonbidatua: Fernando Bonete, Albaceteko Udal
Bandako Zuzendaria Titularra.
Azaroak 11 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan.
Zuzendaria: Iñaki Urkizu (Bilboko Musika Bandako
Zuzendariordea).
Azaroak 25 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Bakarlari gonbidatua: Rafa Climent Pineda (Bilboko Udal
Bandako klarinetea). Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.
Abenduak 2 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Zuzendari gonbidatuak: BilbaoMusikako IV. Zuzendaritza
Ikastaroko kide hautatuak.
Abenduak 16 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Eguberriko Kontzertua. Bakarlari gonbidatuak: Spanish Brass
Luur Metalls. Zuzendari Titularra: Rafael Sanz-Espert.
UDAL TXISTULARI BANDA
Urriak 26 | Barikua | Getxo
Banda Tradizionaleko Formatua.
Urriak 31 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Ganberako Musika Kontzertua: txistua, pianoa eta biolontxelo.
Azaroak 12 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Cum Altam. Companya de Ministriles. "Danbolina
Ernazimentuan eta Barrokoan".
Azaroak 17 | Zapatua | Getariako eliza.
"Hala ere" CDaren aurkezpena.
Azaroak 19 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan
"Hala ere" CD berriaren aurkezpena.
Azaroak 23 | Barikua | Bidebarrietako Liburutegia
Udal Txistu Akademiaren 50. Urteurrena.
Abenduak 1 | Zapatua | Arrigorriaga | Lonbo Aretoa
"Harizko txistua" CDaren aurkezpena.
Abenduak 2 | Domeka | Araia
"Harizko txistua" CDaren aurkezpena.
Abenduak 12 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Bandak Joakin Iruretagoiena eta Rodrigo A. de Santiagoren
omenezko kontzertua eskainiko du.
Abenduak 17 | Astelehena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Eguberriko Kontzertua Mari Fe Nogales, Angel Pazos, Olatz
Saitua eta Fernando Latorre bakarlarien ahotsekin.
Urtarrilak 9 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Errenteriako Udal Txistulari Banda.
Urtarrilak 23 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Ganberako Musika Kontzertua txistua, pianoa, gitarra eta
haize-instrumentu desberdinekin.
Otsailak 20 | Eguaztena | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Jean Michel Bedaxagar eta Mikel Urbeltz.
|
|
|