|
^
|
ESKOLAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA:
TEKLA UGARI JOTZEKO
Urte berria zoriontzeko berandu samar bada ere, ziur
gaude 2008a martxa onean hasia duzuela.
BilbaoMusika Berriak-en ikasturteko lehen buletin
honetan ohiko atalak aukituko dituzue, eta hauekin
batera, Musika Bandak eta Txistulari Bandak eskainiko
dituzten kontzertuen datak eta argibideak bildu ditugu,
baita elkarrizketa interesgarriak ere, bata Juan
Jesus Silguero Bandako flauta-jotzaile bakarlariarekin,
eta bestea, txistuaren kondaira bizia den Boni
Fernandezekin, instrumentu hau kontserbatorietara
eramateko ahaleginean ezinbestekotzat jotzen den
pertsonaiarekin. Ez dugu ahaztu, noski, Eskolari
buruzko informazioa. Ondorengo lerroak, hain zuzen
ere, Eskolako prestakuntza-eskaintza eta aurtengo
berrikuntza mamitsuak aztertzeko erabiliko ditugu.
Lehendabizi, berrikuntzak aipatuko ditugu. Aurten,
Interprete Gazteen I. Zikloa nabarmendu behar dugu,
musikari gazteen “harrobia”ri neurria hartzeko aukera
paregabea. Esperientzia handiagokoek ere -irakasleek-
emanaldiak eskaintzeko aukera izango dute ohi
legez, baina oraingo honetan, beste eszenatoki batean,
Bidebarrietako liburutegian. Nolanahi ere, apur
batean zain egon beharko dugu oraindik, lehendabiziko
kontzertua, gure zuzendari Luis Fernando
Barandiaran pianoan eta Sergio Alonso klarinetean
bilduko dituena, apirilaren 25ean egingo baita.
BilbaoMusikak aurrera jarraitu behar du ikastetxeetan
kontzertu didaktikoak eskaintzeko ekimenarekin.
Urteko lehen hilabete hauetan, eskolako sail desberdinen
eskutik, musika sinfonikoa, rocka eta dantza tradizionala
uztartzen dituen programa eskainiko da.
Beethoven eta Mozart bezalako klasiko hilezkorren
ondoan, oraintsuagokoak diren Beatles edo The Police
bezalako taldeen doinuak entzun ahal izango ditugu,
eta honek ikusle gazteen musikarekiko sena pizten
lagunduko du. Aurten, gainera, martxoaren hiruko
eta lauko kontzertuak Bilborock aretoan egingo dira:
aforo handiagoa duenez, jende gehiago sartu ahal
izango dugu, eta horrela, inor ez da geratuko ikuskizunaz
gozatzeko aukerarik gabe.
Aurtengo heziketa-eskaintzaren barruan, prestakuntza-
tailerrek ere berrikuntza mamitsuak dakartzate.
Horrenbeste eskaera jasotzen duten Aretoko Dantza
klasikoei, diziplina berriak gaineratu zaizkie, koruzuzendaritzatik
hasi eta konposizio eta grabazio arloko
aplikazio informatikoetaraino. Ikastaro hauetan,
beti bezala, lehen mailako profesionalak izango ditugu
irakasle, hala nola, Claude Iruretagoiena (Dantza
Tradizionala) edota Jean Michel Bedaxagar (Txirula),
Zuberoako kultura eta bertako kantu-tradizio aberatsaren
ordezkaria, besteak beste.
Eskolako jardueren osagarri moduan, Gazteria
Musikalen kontzertuak eta Jam Session ezin bereziagoak
ere antolatuko dira. Lehenengoek Estatu barruko
eta kanpoko lehiaketak irabazi dituzten hainbat
musikariren partaidetza berezia izango dute, ekimen
hau aintzat hartzeko moduko beste arrazoi bat, dudarik
gabe. Eta Jam Sessionei buruz ezin dizuegu deus
berririk esan. Diziplina honetan trebatuta ez zaudetenoi,
beldurrak bazterrean utzi eta inprobisaziozko
emanaldi hauetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu
berriz ere. Proba egiteko, Hika Ateneoan egiten
diren emanaldietara inguratu edo Eskolara etorri
ostegunez. Interesatuta dauden guztiek parte hartzeko
aukera izango dute.
Besterik gabe, maiatzera arte agurtzen zaituztegu,
gida hau erabilgarria suertatuko zaizuelakoan.
Eskerrik asko BilbaMusika errealitate egiten laguntzen
duzuen guztioi!
|
|
|
^
|
BONIFACIO FERNÁNDEZ "BONI"
Txistuaren kondaira
"Poz handia hartu gehuen kontserbatorioetan
txistua onartu zutenean"
Musikaz zeozer ulertzen dutenek badakite Bonifacio
Fernandez “Boni” (Bilbo, 1924), benetako autoritatea
dela txistuaren munduan. Gogoan izan behar dugu
“Boni” Udal Txistu Akademiaren sustatzaile nagusietakoa
izan zela eta oso zeregin garrantzitsua izan zuela
instrumentu hau musika kontserbatorioetako ikasketa-
planetan txertatzeko ahaleginean. Gertutik ezagutzen
dutenek bat egiten dute “Boni”ren interpretaziogaitasun
eta gizatasun aparta nabarmentzerakoan, eta
Bandaren ardatz gisa, kide guztien artean diziplina,
harmonia, adiskidantza eta lankidetasunari eusteko
izan zuen sen berezi eta berezkoa. Bonifacio
Fernandezek 84 urte ditu gaur egun -sasoiko dago
oraindik- eta Zazpi Kaleetan bizi da bere iloba Itziarren
familiarekin. Biloba bik familiaren tradizioari jarraitu
eta txistua jotzen -zer bestela!- ikasten hasiak dira.
Nola sortu zitzaizun musikarekiko zaletasuna?
Aita musikaria nuenez gero, era guztietako instrumentuak
jotzen trebatu nintzen, baina ez nuen erabaki
txistuaren alde egitea soldaduskara joan nintzen arte.
Astialdi handia genuenez, txistua jotzen hasi nintzen
bertako kaperau aita Hilario Olazaranen metodoaz
baliatuta.
Horrelako “euskal” instrumentu bat jotzeak ez zuen
arazorik ematen garai hartan?
Nik gogoratzen dudanez, ez genuen inoiz erozpenik
izan. Lagun asko egin genuen soldaduskan -goi kargudunen
artean ere bai-, oso begiko ninduten, eta
horrek erraztu egin zidan instrumentu hau luzaroago
jotzeko aukera.
Non jotzen zenuten?
Soldaduska egin ondoren, etxera itzulitakoan, kalejira
bat egiten genuen igandero Bilboko Zazpi Kaleetako
kale desberdin batean zehar, eta San Anton elizaraino
ere joaten ginen, meza nagusiaren ostean jotzera.
Herri eta erromeria askotan ere jo izan dugu.
Gogoratzen duzu txistua kontserbatorioetako instrumentutzat
onartu zuten eguna? Zer suposatu zuen
zuretzat?
Sekulako ilusioa egin zigun; izugarrizko poza hartu
genuen guztiok. Kontserbatorioetako ikasketa-planetan
sartzeak musika-tresnaren “biziraupena” segurtatzen
du. Lehen, ezinezkoa zen instrumentu hau ikastea
eta orain onartuta dago eta merezi duen garrantzia
aitortu zaio.
Seguraski, Txistulari Bandaren oraingo lana ezagutzen
duzu. Zer deritzozu txistua eta beste instrumentu batzuen
arteko fusioari?
Bai, ondo ezagutzen dut haien lana, eta senideek
Euskaldunan eskaintzen dituzten kontzertuen jakitun
jartzen naute une oro.Txistua eta beste instrumentu
batzuen fusioari dagokionez, oso egokia iruditzenzait. Orain dela urte asko, Soinu tanta izeneko talde
bat izan genuen, eta bertan beste instrumentu mota
batzuk ere tartekatzen genituen, perkusiozkoak, biolontxeloak
eta abar. Nik ere bakarka jardun dut hainbat
orkestrarekin; beraz, ildo horretan, Bandak guk
egindako urratsei jarraitu die.
Martxoaren 5ean, ondo merezitako omenaldia egingo
dizuete txistulari beteranoei.
Bai, kontzertua egin behar dute Euskalduna
Jauregian. Horrelako ospakizunek oroitzapen asko
dakarkidate gogora eta ezin izaten diot emozioari
eutsi. Negarrez hasteko zorian egon naiz orain; atera
kontuak, beraz, zer izango den omenaldia, hor batuko
den jendetza ikusita!
Txistuagaz egin dituzun 60 urteotan ez ziren pasadizoak
faltako…
1967an, Estatu Batuetara egin genuen lehenengo
biran, Etxe Zurian bertan egon ginen. Lyndon B.
Johnson presidentearentzat jo behar genuen, baina
azken momentuan esan ziguten atseden hartzera
joana zela. Lastima izan zen! Oroitzapen gozoak ditut,
halaber, Aste Nagusiko pregoilari izendatu ninduten
garai hartaz, nahiz eta txakeak ez ninduen gehiegi
konbentzitzen. Egia esanda, etiketako jantziak eta ni
ez gara inoiz ondoegi moldatu.
BONIFACIO FERNÁNDEZ “BONI”
Manuel Landaluce, Victoriano Goitia eta
Jesus Villar-ekin batera, Udal Txistu,
Alboka eta Pandero Akademiaren bultzatzaile
eta sortzaile nagusietakoa izan zen
(1957)
1967, 1968 eta 1970 urteetan, Kanada eta
Estatu Batuetan zehar ibili zen bandarekin.
Lehenengo urtean Etxe Zurian jo zuen
1989an, Udal Bandatik erretiratu zen urte
berean, Bilbok omenaldi bikoitza egin
zion, Aratusteetako Zaranbolas eta Aste
Nagusiko Pregoilari izendatu zuelarik
Bi disko argitaratu ditu bakarka eta beste
bat Bilboko Txistulari Bandarekin batera
|
|
|
^
|
Areto dantzak, konposizioa eta koru-zuzendaritza
Tailerretan
BilbaoMusikak prestakuntza-tailerren edizio berri bat
abiarazi du. Ikastaro hauek publiko guztientzat zabalik
daude, eta bertan zazpi ikasgai jorratuko dira
nagusiki, areto-dantza eta jauzietatik hasi eta koruzuzendaritza,
haize-instrumentuen konponketa eta
mantenimendua edota informatikak konposizio eta
grabazio arloan dituen aplikazioetaraino.
Horietan guztietan, goi mailako profesionalak izango
ditugu irakasle, hala nola, Ines Uriarte areto-dantzetan,
Claude Iruretagoiena danta tradizionalean eta
Jean Michel Bedaxagar, Zuberoako kultura eta kantutradizio
aberatsaren ordezkaria, txirulan. Ikastaro
hauen osagarri gisa, Miguel Blancok erritmo eta haize
sailetarako eta berrarmonizaziorako moldaketen
sorrerari buruzko ikastaroa emango du; Alipio
Guinaldok haize-zurezko instrumentuak prestatu eta
mantentzeko ikastaroa eskainiko du; Basilio Astulez
Koru-Zuzendaritza eta Pedagogia ikastaroaz arduratuko
da apirilaren 7az geroztik; eta Pantaleon Taberok
Informatika eta Grabazioa ikastaroa burutuko du,
musika konposatu eta grabatzeko programa informatiko
desberdinak aztertzeko asmoz (apirilak 9).
Eskolak 2005ean ekin zion Prestakuntza-Tailerrak
antolatzeari, eta berealdiko arrakasta lortu du urtez
urte. Ildo honetan, aipatzeko modukoa da ikasleen
parte-hartzea, tailer bakoitzean (sei-zortzi egiten dira
urtero) 100 ikaslek parte hartzen baitute batez beste.
|
|
|
^
|
Interprete Gazteen Zikloa eta irakasleen Bidebarrietako
kontzertua, aurtengo berrikuntzak
Aurreko ikasturteetan bezalaxe, Eskolako irakasleek
kontzertuak eskainiko dituzte. Hori ez da gauza
berria, baina bai eszenatokia. Aurten, lehendabiziko
aldiz, Bidebarrietako Liburutegian egingo dira, eta
emanaldi hauetako lehenak Luis Fernando
Barandiaran pianojole eta Eskolako zuzendaria eta
Sergio Alonso klarinete-jotzailea izango ditu protagonista.
Hitzordua, apirilaren 25ean, arratsaldeko
zazpi t'erdietatik aurrera. Gainerako kontzertuei
buruzko informazioa hurrengo buletinetan aurkituko
duzue.
Interprete Gazteen I. Zikloa (Eskolako Auditorioan)
izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Carlos
Goikoetxea pianojolea izango da (data zehatza
www.bilbaomusika.net webgunean lor dezakezue)
talentu gazteei beren baitako onena erakustea errazten
dien ziklo hau abian jartzen duen hurrengo protagonista.
Ez huts egin, zerrenda pasatuko dugu eta!
|
|
|
^
|
Bilborocken ere kontzertu didaktikoak
Bilboko BO1 eta BO2 Berritzeguneen lankidetzari
esker, BiIbaoMusika Eskolak aurrera jarraituko du aurten
ere ikastetxeetan -haur, lehen nahiz bigarren hezkuntzakoetan-
kontzertu didaktikoak eskaintzeko
ekimenarekin, musika gazteneei helarazteko asmoz.
Programa honen barruan, Eskolako musika-sail desberdinek
musika sinfonikoa, rocka eta dantza tradizionala
eskainiko dute, otsailean, martxoan eta apirilean
antolatuko diren emanaldien bitartez.
Karmengo Ikastola eta Iparragirre Eskolaurre ikastetxeetako
ikasleek (otsailak 19), Karmengo Andra
Marikoek (martxoak 4), Zorrotzako Frai Joanekoek
(martxoak 5) eta Bihotz Sakratukoek (apirilak 8) kontzertu
hauetaz gozatu eta ikasteko aukera izango
dute.
Martxoaren 3ko eta 4ko kontzertu didaktikoak
Bilborock Aretoan egitea izango da aurtengo berrikuntzetako
bat, bertako aforoak ikasle gehiago
ekartzea ahalbidetuko baitu. Bestalde, Felix Serrano,
Deustu, Epaltzaren Alarguna eta Pio Baroja ikastetxeek
gure Eskola Musikari eskaini dizkioten zerbitzu eta
erraztasun guztien eskerronez, zentro hauetan kontzertu
didaktiko bana programatu da.
|
|
|
^
|
Gazteria musikalak & Jam Sessions
Ohi denez, Bilboko Gazteria Musikalen Elkarteak ikasturte
honetarako antolatu dituen kontzertuek Estatu
barruko eta kanpoko lehiaketetan irabazle suertatu
diren hainbat musikariren partaidetza berezia izango
dute. Kontzertuak otsailaren 19an hasiko dira,
Quixote laukotearen emanaldiaz, eta honen ondoren,
martxoaren 11n, Gemma Corrales flauta-jotzailea eta
Stefano Spanopulus pianojolea taularatuko dira.
Apirilaren 15ean, Artemis Trioren txanda izango da,
eta kontzertu ziklo honi amaiera emanez, maiatzaren
13an, Gazteria Musikalen Lehiaketa Iraunkorraren irabazle
Jose Antonio Domenek harpa kontzertua eskainiko
du. Emanaldi guztiak BilbaoMusikako
Auditorioan egingo dira (Galerako eraikina),
19:30etan, sarrera doakoa delarik.
Bestalde, aurrera jarraituko dute instrumentu mota
guztiak tartekatzen dituzten Jam Sessions izeneko
musika-emanaldiek. Orain arte, inprobisazioa jaun
eta jabe duten ekitaldi hauetara etortzerik izan ez
baduzu, Hika Ateneora (Ibeni Kaia, 1) joatera gonbidatu
nahi zaitugu otsailaren 21ean, apirilaren 17an,
maiatzaren 22an eta ekainaren 12an. Gainontzeko
ostegunetan, ekainera arte, Jam Sessions delakoak
Eskolan bertan egingo dira, interesatuta dagoen edozein
pertsonak parte hartzeko moduan. Izena eman
ezazu, ez zaizu damutuko eta.
|
|
|
^
|
Primerako gonbidatuak “Asteazkenetan, txistua benetan” zikloan
Aurrera doa, eta arrakasta handiz joan ere,
“Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertu zikloaren
laugarren denboraldia. Ekimen honi esker, Txistulari
Bandaz gozatzeaz gain, Euskal Herriko beste txistulari
talde batzuk eta musika klasikotik, jazzetik, abesbatzetatik,
ernazimentuko musikatik edota folklore tradizionaletik
datozen musikari bikainak entzuteko aukera
izango dugu. Negu honetan, kategoria handiko
gonbidatuak izango ditugu, hala nola, Iparraldeko
Jean Michel Bedagaxar kantaria; Anjel Unzu musikagile,
musikari eta musika-moldatzailea, eta azkenik -
baina azkena izateak ez dio garrantzirik kentzen-,
Bandak txistulari beteranoei eskainiko dien omenaldia,
gure elkarrizketako protagonista den Bonifacio
Fernandez “Boni” ezaguna ere tarteko dela.
Otsailaren 20an, Jean Michel Bedagaxar (Urdiñarbe,
1953) kantariaren ahotsa entzuteko aukera izango
dugu. Zuberoko kulturaren eta bertako kantu-tradizio
aberatsaren ordezkari ospetsu honek 1976an kantatu
zuen estreineko aldiz jendaurrean, eta 1983an
grabatu zuen lehen diskoa. Osasun arazoak tarteko,
kantugintzatik aldendu zen zenbait urtez.
Bedaxagarrek lan handia egin du Zuberoako pastoraletan.
Ildo honetan, Agustin Xaho euskaltzalearen
bizitzan oinarritutako pastoral bat idatzi zuen
1988an, eta oraintsuago, “Ama” izenburuko ikuskizuna
taularatu du Etxahun Iruri -Bedaxagarren maisueta
Gaiarreren oroimenez. Eszenatoki gainean Mikel
Urbeltzen konpainian jardungo duen kantari honek
bi disko plazaratuak ditu gaurdaino: “Xiberoa” (Elkar,
1983) eta “Otea lili denean” (Elkar, 1995).
Martxoa hasteko, hilaren 5erako ekitaldi hunkigarria
antolatu da. Bertan, Txistulari Bandak omenaldia egingo
die taldeko kide izan direnei: Hilario Andollo, Mikel
Bilbao, Bonifacio Fernandez, Victoriano Goitia, Manuel
Landaluce, Tomas Saracibar eta Jesus Villar “Txutxi”
beteranoei. Musika jardunaldi honen bidez, eskerrona
adierazi nahi die Udal Txistulari Akademiaren 50 urteurrenean
erakunde hau sortu eta bultzatu zutenei.
Bandako kideek honelako hitzak erabiltzen dituzte
beren maisuei buruz mintzatzerakoan: “lanean xalotasunez
eta apaltasunez jardun dute, eta lankidetasun
sutsuaz ahalegindu dira kontzertuak eta emanaldiak
antolatzen, ikasleekin batera eta haiengana hurreratu
diren txistulari guztiekin batera ere, txistuzaletasunaren
sustatzaile apartak izan direlarik.”
Neguko azken kontzertuak Anjel Unzu polifazetikoa
izango du protagonista. Berarekin batera, Txistulari
Banda eta gitarra, perkusioa, kontrabaxua eta tronpeta
uztartzen dituen musika taldea taularatuko dira.
Guztien artean, Unzuren lanak eta moldaketak biltzen
dituen kontzertu aparta eskainiko digute.
Kontzertuko protagonista musika-esparru guztietan
ibilitakoa da: klasikoa, jazza, modernoa, orkestrala,
bakarkako lanetik kontrabaxuaz lagundutako bikotera
pasatuz, baita bibrafonoaz lagundutako hirukotera
ere, hari-laukotearekin eta ganbera-orkestrarekin
ere jo duelarik. Unzu Ganbara folk taldearen sortzailekidea
da eta Iñaki Salvador, Benito Lertxundi, Jabier
Muguruza, Oreka TX, Alaitz eta Maider eta Kepa
Junkeraren kategoriako musikariekin eta Markeliñe,
Tanttaka eta Golden Apple Quartet bezalako antzerki-
taldeekin lan egin du. Musikari nafarrak eskusoinurako
lanak ere idatzi ditu eta aldian-aldian Euskadiko
Orkestra Sinfonikoarekin batera lan egiten du, Lalo
Schifrin-ek zuzendutako zine-ikuskizunetan.
|
|
|
^
|
“Bihurrikeritan”, Garikoitz Mendizabalen
lehen bakarkako diskoa
Txistulari Bandak diskogintzan egin dituen bi murgilketa
arrakastatsuen ondoren, (“Harizko txistua”
eta “Hala ere”), Garikoitz Mendizabal bakarkako
lanean ahaleginduko da. “Bihurrikeritan” da
Bandako zuzendariak bere lehen diskorako aukeratu
duen izena. Aspaldi zebilen txistulari gipuzkoarra
disko bat grabatzeko asmotan, batez ere bere
grabaziorik berrienak eta azken urteotako errepertoriorik
ohikoena biltzen lagunduko ziolakoan.
Disko hau egiteko asmoa 1994an mamitzen hasi
zen, Garikoitz Mendizabalek bakarkako lehen txistulari
saria irabazi zuenean. 14 urtez itxaron behar
izan du, baina “Bihurrikeritan” errealitate bihurtu
da dagoeneko txistulariaren lana zirkuko akrobata
edo titiriteroen zereginarekin konparatzen duen
musikari honentzat: “txistua hari baten gainean
bakarka jotzea bezalakoa da”, aitortu du.
Mendizabalek ez ditu ahantzi txistulari handiak,
Primitivo Onraita, Martin Elola, Polentzi Gezala
edo Boni Fernandez bezalakoak, izan ere, disko
hau, hein handi batean, ikasle saiatuak bere maisuei
egindako omenaldia baita.
“Bihurrikeritan” 15 doinuz osatuta dago, Santos
Intxausti (“V. Kontrapasa” eta “IV Kontrapasa”),
Eusebio Basurko (“Artzai kantak”) eta Isidro
Ansorena (“Jo, mutilak gogoz”) bezalako musikagile
klasikoek edota gaur egungoagoak diren Xabi
Zabala eta Korto anaien moduko konpositoreek
egindako lanak tarteko direla. Diskoa osatuz, herri
kantak ere tartekatu dira, hala nola, “Arin, ariña”,
“Tocata antigua” delako boleroa eta, berrikuntza
bezala, Europa Ekialdeko ohiko dantza bat,
“Czardak” (V. Monti), Aitor Furundarena soinujole
gonbidatua duena.
|
|
|
^
|
Neguko denboraldia amaitzear
Eguberrietako tartearen ondoren, Bilboko Udal
Musika Bandak Arriaga Antzokiko ohiko kontzertu
zikloa hasi du berriro ere. Aukera paregabea, musikarik
onena maila handiko zuzendari eta bakarlari gonbidatuen
eskutik entzun ahal izateko. Emanaldi
hauek -bi euroko prezio sinbolikoan- Jorge J. Ripoll
Corella Bandako fagot-jotzaile titularra, Bernardo
Adam Ferrero musikagile valentziarra, Dario Sotelo
zuzendari brasildarra eta, oraintsuago, Santiago Juan
biolin-jotzailearen partaidetza izan dute gaurdaino.
Ziur zuetako askok ez duzuela kontzertu hauetara
joateko aukera galdu eta Bandak Rafael Sanz-Espert
zuzendari titularraren batutapean lortu duen kalitatearen
lekuko izan zaitezketela.
Martxorako (hilak 17), beste kontzertu gustagarri bat
antolatuta daukagu, berriz ere Bandarekin eta Juan
Jesus Silguero flauta-jotzailea bakarlari gonbidatua
delarik. Silguero, Bilboko Udal Bandako flauta-jotzaile
bakarlaria, Bilbon finkatutako irundarra da, flautaren
zale amorratua, flauta jotzeko bi liburukiko metodo
baten egilekidea eta zenbait urtez Euskal Herriko flauta-
jotzaileen topaketaren antolatzaile eta zuzendaria.
Matthew George orkestra-zuzendari estatubatuarra
arduratuko da Arriagako kontzertuei amaiera emateaz,
apirilaren 20an eskainiko duen emanaldi apartaz.
Eta udaberriaren etorreraz, eguraldi ona lagun, Banda
Areatzako Kioskora aldatuko da. Eszenatoki honetan
ez dira faltako, noski, itzal handiko musikari gonbidatuak
eta udaberriko zikloa itxiko duen Europear
Musikaren Eguneko kontzertua. Informazio gehiago,
Eskolaren webgunean (www.bilbaomusika.net) eta
hurrengo buletinetan. Zain gauzkazue!
|
|
|
^
|
Juan Jesus Silguero, Bilboko Udal Bandako
flauta-jotzaile bakarlaria
Ale honetan sartu dugun atal berri honen bitartez,
Bandako musikarien historia ezagutaraziko dizuegu.
Aldizkariko sail berri hau estreinatzeko aukeratu dugun
musikaria Juan Jesus Silguero da, Bilboko Udal Bandako
flauta-jotzaile bakarlaria eta martxoaren 16an Arriaga
antzokian eskainiko den kontzertuko protagonista.
Musikagintzan sustrai sakonak dituen familia baten altzoan
jaioa -“bost anaia-arreba gara eta musikatik bizi
gara guztiok”-, Juanje Silguero (Irun, 1966) lau urte
zituela hasi omen zen flauta jotzen, aitaren gomendioz:
“flauta zer den galdetu nion, eta zeharka jotzen den instrumentu
eder-ederra dela esan zidan. Nork pentsa zezakeen
une horretan hartutako halamoduzko erabaki
batek horren eragin zuzena izango zuen pertsona baten
geroan”. 1984an, ohorezko matrikularekin graduatu zen
Donostiako Musikaren Goi-Kontserbatorioan, eta geroztik,
musikari irundarrak Euskaldin flauta zabaldu eta sustatzeko
egin duen ahalegina zeregin profesionaletatik
harantzagokoa izan da. Ildo honetan, Silguera instrumentu
honen pedagogoari buruzko bi liburukiko metodo
baten egilekidea da. “Hasieran, ikastetxeetan sarri
erabiltzen zen baliabidea izan zen, baina gaur egun,
musika-eskoletan erabiltzen diren liburu ugarietako bat
besterik ez da”. Baina bere konpromisoa ez da horrexetara
mugatu, urte askotan “Euskal Herriko flauta-jotzaileen
topaketa”ren bultzatzaile nagusia izan baitzen.
“Flauta-jotzailerik onenak pasatu dira hortik: Larrieu,
Susan Milan, Jaime Martin, Vicens Prats, Antonio Arias,
eta abar.” Topaketak dirulaguntzak amaitzean bukatu
ziren, baina Juanjeren esanetan, “mahai gainean dirua
jarriko balidate, Bilbon munduko flauta-ikastarorik
onena eratzeko konpromisoa hartuko nuke nire gain,
horrexetarako gara bilbotarrak, ezta…?”
Bach-en jarraitzaile sutsua izanik -“uretan dabilen arrainaren
antzera sentitzen naiz musika barrokoa jotzen
dudanean”-, irakale lana ere Juanjerren gustukoa izan
da, nahiz eta seme-alabekin egon ahal izateko irakaskuntza
utzi behar izan zuen. Hala ere, “asko ikasi dut
nire ikasleengandik; guztiek irakatsi didate zerbait, salbuespenik
gabe”, esan du musikari gipuzkoarrak.
Silguero konbentzituta dago Euskadiko kontserbatorioetan
profesional handiak daudela, eta beraz, etorkizun
bikaina iragartzen die geroko flauta-jotzaileei.
Nolanahi ere, “egungo gazteak hamaika zereginetan
sartuta daude, eta instrumentua zeregin horietako bat
besterik ez denez, ez diote eskaintzen behar lukeen
denbora; horixe da arazorik handiena”.
Orain arte ez dugu esan, baina Juanje umore zorrotzeko
pertsona da, “txikitan beti izan naiz etxeko barre
eragilea”, aitortu du. Eta egiaztatu nahi duenak YOU
TUBE atarian flautoby goitizenaz eseki dituen bideoak
ikusta ditzake, “Pasodoble friki” edota “Loco flautista
de Jamelin” tarteko direla. André Maurois aipatzen du
umoreaz hitz egiteko (”atsekabea ezkutatzeko moduko
maskara bat bezalakoa da”). Gogoan izan behat da,
duela hiru urte, Juanjek bizitza aldarazteko moduko
ezbehar tragikoa izan zuela hondartza batean. Pertsona
bat hil zen eta emaztea koman geratu zitzaion, baina
“zorionez, bere onera itzuli zen, eta horrek zer pentsatu
handia eman zidan bizitzaz eta heriotzaz”, esan du.
Juanjek bizirik egoteagatik munduarekin pozik bizi den
umore zorrotzeko pertsonatzat jotzen du bere burua.
“Beharbada bizimodu hobea aterako nukeen umorista
gisa flauta-jotzaile bezala baino. Guztiok daukagu
alderdi bihurri bat, baina batzuek erakutsi eta beste
batzuek ezkutatu egiten dute”, gaineratu du.
Musika munduan egin duen 30 urtetik gorako karreran
ez zaizkio falta pasadizo bitxiak. Haurtzaroari dagokin
anekdota horietako batean, Juanjek gurasoei galdetu
omen zien zergatik jardun behar zuen flauta jotzen
bere lagunek futbolean jolasten zuten bitartean. “Aitak
esan zidan nire onerako zela, eta handia nintzenean
beharbada flauta jotzetik aterako nukeela bizimodua.
Igandeetan ikasten ematen nuen ordu bakoitzaren truk
25 pezeta emango zizkidala esan zidan, eta nik dirua
erraz irabazteko bidetzat jo nuen. Horixe izan zen, nik
uste, flauta-jotzaile bezala irabazi nuen lehenengo soldara,
25 pezeta ordu bakoitzeko”. Beste batean, ehunzango
bat sartu omen zioten orkestrako kide bati tronpeta
barruan. “Ez genuen berriro ikusi, ehunzangoa
esan nahi dut…”.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Otsailak 19 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan |
19.30etan
Quixote laukotea.
Otsailak 21 | Eguena | Hika Ateneoan | 19.30etan
Jam Session.
Otsailak 26 | Martitzena | El Carmen Elizan (Indautxu)
Karmengo Ikastola e Iparragirre Eskolaurrearentzako musika
tresna Sinfonikoen kontzertu didaktikoa.
Martxoak 3 | Astelehena | Bilborock | 19.00etan
Musika Modernoaren Saileko ikaslegoaren audizioa.
Martxoak 4 | Martitzena | Bilborock | 19.00etan
Erromeria- Dantzaldia, musika eta Dantza tradizionalaren Saila.
Martxoak 3 eta 4 | Astelehena eta asteartea | Bilborock
10.30 etan
Musika Modernoaren Saileko kontzertu didaktikoa.
Martxoak 4 | Martitzena | El Ntra. Sra. del Carmen Ikastetxean
Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.
Martxoak 5 | Eguaztena | CEP Zorrotza-Fray Juan de Zorroza LHI
Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.
Martxoak 10 | Astelehena | Bilborock | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.
Martxoak 11 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan |
19.30etan
Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Genma Corrales (Txirula)
etaStefano Spanopoulus (pianoa).
Martxoak 12 | Eguaztea | BilbaoMusikako auditorian | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.
Martxoak 12 | Eguaztea | Txurdinagako Polikiroldegian
Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.
Martxoak 13 | Eguena | Félix Serrano Ikastetxean | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoen Saileko ikaslegoaren audizioa.
Martxoak 13 | Eguena | Hika Ateneo | 19.30etan
Jam Session.
Apirilak 8 | Martitzena | Jesusen Bihotza Ikastetxea ( Errekalde)
Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.
Apirilak 15 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan |
19.30etan
Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Artemis Trío (txirula, bibolina eta
biolontxeloa).
Apirilak 22 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan |
19.30etan
Musika tresna Sinfonikoen Sailaren kontzertu didaktikoa.
Apirilak 25 | Ostirala | Bidebarrietako Liburutegian (Ekitaldien
Aretoan) | 19.30etan
Irakasleen Ien Zikloa. Luis Fernando Barandiaran (pianoa) eta
Sergio Alonso (klarinetea).
Apirilak 29 | Martitzena | CEP SAN INAZIO | 11.00etan
Musika eta Dantza tradizionaleko Sailaren kontzertu didaktikoa.
Maiatzak 13 | Martitzena | La Galera Eraikina | Auditorioan |
19.30etan
Gaztedi Musikazaleen Zikloa. Arpa errezitala. José Antonio
UDAL MUSIKA BANDA
Otsailak 17 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Bakarlari gonbidatua: Santiago Juan. Bibolina.
Lehen Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert
Martxoak 16 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
Bakarlari gonbidatua Juan Jesús Silguero (bilboko Udal bandako
txirula bakarlaria); Lehen Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert
Apirilak 20 | Domeka | Arriaga Antzokia | 12.00etan
ZuzendarI gonbidatua: Matthew George (A.E.B)
UDAL TXISTULARI BANDA
Otsailak 20 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-3 | 20.00etan
Jean Michel Bedaxagar eta Mikel Urbeltz.
Martxoak 5 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan
Bilboko Udal Txistularien Banda. Hilario Andollo, Manolo
Landaluce, Victoriano Goitia, Tomas Saracibar, Mikel Bilbao, Jesús
Villar “Txutxi” eta Bonifacio Fernández “Boni” ri omenaldia.
Martxoak 19 | Eguaztea | Euskalduna Jauregia | A-1 | 20.00etan
Bilboko Udal Txistularien Banda eta Anjel Unzu.
www.bilbaomusika.net
Martxoak 12, 16:00etatik 21.00etara. BilbaoMusikan, Antonio
Arias Orkestra Nazionaleko txirula bakarlariaren (1985-2005)
maisutasunezko klasea eta Pearl txirulen erakusketa.
|
|
|