|
^
|
WEBGUNE BERRIAREN ERRITMOAN
Ikasturtea amaitzear dagoen honetan, hurbilduz
doaz apurka-apurka luzaz itxarondako oporrak. Lan
handiko eta gogo biziko urtea izan da, eta zuek,
BilbaoMusikako ikasleok, guk bezain ondo pasatu
duzuela espero dugu. Gogoratu behar dizuegu
BilbaoMusikak ez duela etenik egingo uztailean eta
abuztuan, eta sasoi horrexetan izango dutela etxeko
txikienek musika-udalekuez gozatzeko aukera. Uda
honetarako askoz ere jarduera gehiago aurrikusita
dauzkagu, eta horiexen berri emango dizuegu
aldian aldian, baina aurrerapen moduan Aste
Nagusiko bi une berezi-berezi nabarmendu nahi
ditugu: Udal Musika Bandak Oskorri taldearekin
eskainiko duen kontzertua eta Plaza Barrian egingo
den Txistulari Agerraldia.
Konturatu zaretenez, BilbaoMusikaren webgunea
goitik behera eraberritu da, eta ziur gaude aldaketa
gustukoa duzuela. Atariari ikusizko itxura gaurkotuagoa
eman nahi izan diogu, Bilboren irudiarekin
bat egiten duen diseinu berri batez. Kolore eta tipografien
erabileraz Udalaren irizpideei atxiki diegu,
baina gure nortasuna galdu gabe.
Internet ezinbesteko baliabidea da gaur egun jarduerak
–musika, gure kasuan– ezagutarazi, aurkeztu eta
hedatzeko. Horregatik, hasierako orrian gure asmoen
azalpena egiteaz gain, nor garen, zein den gure historia
eta zeintzuk diren gure hurren proiektuak argitu
nahi izan dugu. Ezer ez da soberakoa aurkezpen
xalo honetan, eta honen bitartez, sarbide zuzena eman nahi dizuegu benetan interesatzen zaizuen
informaziora: tailerretako prestakuntza eskaintza,
matrikula tasak, kontzertuak, albisteak, etab.
Dakizuenez, BilbaoMusika Musika Bandak, Txistulari
Bandak eta Musika Eskolak osatzen dute. Bakoitzak
bere esparrua dauka webgune berrian, eta zuen
interesekoa izan daitekeen informazio guztia klik
bakar baten nekeaz eskuratu ahal izango duzue.
Irudi argi eta errazak erabili ditugu, baita edozein
pertsonak erabiltzeko moduko nabigazio errazeko
egitura ere, dena errazagoa suerta dakizuen.
Informazioa etengabe eguneratzea ezinbesteko
betebeharra da edozein webgunerentzat, eta hauxe
da, hain zuzen ere, atari berri honek eskaintzen
duen abantailarik nabarmenenetakoa. Etengabe
eguneratzen dugu igorri beharreko informazio guztia,
Eskolari dagokiona zein Musika Banda eta
Txistulari Bandari buruzkoa, eta ahalegin berezia
egiten dugu gertaera, kontzertu, entzuketa eta bestelako
jardueren agenda eguneratuta edukitzeko.
Horrez gain, beste enpresa edo erakundeen antzera,
webgunea aberasten ahalegintzen gara etengabe,
www.bilbaomusika.net-en erabiltzaileei tramiteak
edo informazio eskaerak erraztuko dizkieten zerbitzuak
eskainiz. Ildo honetan, aski izango duzue
galde-sorta bat betetzea prestakuntza-tailer desberdinetarako
inskripzioak edo ikasle berriak Eskolan
matrikulatzeko eskaerak e-mailen bidez gauzatu
ahal izateko. Bestela esanda: etxetik mugitu gabe
ere, izena emateko aukera izango duzu.
Era berean, egiaztatu ahal izan duzuenez, newsletter
baten bitartez BilbaoMusika Berriak aldizkariaren
ale guztiak eskura daitezke webgune berrian.
Harpidetu nahi baldin baduzue, zuen helbide elektronikoa
idatzi besterik ez duzue egin behar, eta une
horrexetatik aurrera aldizkariaren hurrengo aleak
jasoko dituzue. Gainera, blogak eta foroak ere sortu
ditugu gurekin parte hartu eta elkar-eragiteko aukera
izan dezazuen. Zuen iritziak ezagutu nahi ditugunez
gero, zuen galdera eta iradokizun guztiei kasu
egiteko prest gauzkazue. Gehiago eska al daiteke?
Horixe baietz. Horregatik, aurrera begira ere
BilbaoMusikak orain arteko eraberritze bideari
jarraituko dio, zerbitzu berriak eskainiz eta edukiak
eguneratuz.
Amaitzeko, aukera hau aprobetxatuz, eskerrak
eman nahi dizkizuet egunez egun BilbaoMusika egiten
laguntzen duzuen guztioi.
|
|
|
^
|
GAIZKA SALAZAR
Eskolako perkusio irakasle eta Gatibuko bateria-jotzailea
"Diskoek errealitatea apaintzen dute; zuzeneko jarduna da
garrantzitsuena"
Ziur ezaguna egingo zaizuela Gaizka Salazarren
aurpegia. Batzuei BilbaoMusikan ikusteagatik, eta
beste batzuei –batez ere rock onaren zaleei- GATIBU
taldeko bateria-jotzailea delako. Gatibu euskal
rockaren puntako taldeetako bat da, eta kantu guztiak
bizkaieraz abesten ditu. Bizkaiko euskararen
aldeko ahalegin honen esker onez, erakunde eta
kultur elkarte ugariren sari eta goraipamenak lortu
ditu. Euskal rock taldeak bi disko plazaratu ditu
gaurdaino, eta Gaizkak aitortu duenez, uda honetan
hirugarrena grabatzea espero dute. Hauek dira
bere proiekturik hurbilenak: jazz-bateriaren goi
ikasketak egiten jarraitzea, disko berria prestatzea
eta gustuko dituen proiektuetan kolaboratzea; adibidez,
BilbaoMusikan eskolak ematen.
Hastapenei buruz hitz egin dezagun. Argi izan
zenuen beti musikan jardun nahi zenuela?
Ez da erraza zehaztea nola eta noiz piztu zitzaidan
musikarekiko jakinmina, baina aitortu beharra
daukat urte bi nituela pixontziari eragiten
niola koilararekin jende guztia iratzarriz.
Gurasoak ederto konturatu ziren gainera zetorkienaz,
eta ikasten hasi nintzen, lehenengo solfeoa
eta gero perkusioa. Geroztik beti jakin dut musika
izango nuela bizitzaren ardatz. Ez dut uste besterik
egiten dakidanik. Musikaren premia daukat!
BilbaoMusikan perkusio afrolatino ikastaroak
ematen dituzu. Zer nahiago duzu: irakasle ibiltzea
ala taldearekin bira bat egitea?
Irakasle lanetan, balantzea oso baikorra da, baina
ez dut uste bizitza osoan irakaskuntzan jardungo
dudanik. Musika jo nahiago dut. Izugarri gustatzen
zait biran ibiltzea. Nolanahi ere, nire ustez, lauzpabost
urtero komenigarria izaten da atsedena hartu
eta nork bere burua eraberritzea, gogo eta jakinduria
handiagoaz itzultzeko asmoz. Geldirik egotea
ez da parte onekoa musikariarentzat.
Nola ikusten duzu musika-prestakuntza Euskadin?
Duela urte batzuk baino askoz ere hobeto. Eskola
gehiago daude, informazio eta profesional gehiago
eta abar, baina Euskadiko kultura musikala
beste herri batzuetakoa baino apalagoa da; zer
hobetu handia dugu oraindik.
Gatiburi buruz hitz egin dezagun. Zuen lehen diskoaz
(“Zoramena”) 20.000 kopia saldu zenituzten,
benetako arrakasta pirateriaren eta interneteko
deskargen garai honetan.
Bai, arrakasta izan zen lehenengo diskoarekin
horrenbeste saltzea, baina garai hartan pirateria
ez zegoen horren hedatuta. Gaur askoz ere zailagoa daukagu. Dirua kontzertuek ematen dute, eta
ondorioz, zuzeneko jardun sendoa ez duen banda
batek jai dauka. Eszenatokiaren gainean egin
behar duzu ahalegina. Disko batean, errealitatea
apaindu eta soinuak diren baino distiratsuago
atera ditzakezu, baina zuzeneko jarduna da
garrantzitsuena, eta zer gozatu handiena ematen
duena. Interneti dagokionez, mesedegarria izan
daiteke beren buruak ezagutarazi nahi dituzten
indar motelagoko taldeentzat.
Batuaz kantatzen duten beste euskal talde batzuen
aldean, zuek bizkaieraz abesten duzue. Zergatik?
Beste barik, halaxe berba egiten dutelako
Gernikan, Alex, Mikel eta Haimarren herrian; eta
gainera, horixe da adierazteko dugun erarik
onena. Nire ustez, bizkaierak halakoxe sonoritate
berezia du, hitzak ederrago eta adierazkorrago
agertzen dituena.
Azkenik, zer musika eramango zenuke uharte
desertu batera?
Milioiaren galdera da hori. Aukeratzea zaila da,
baina seguraski Led Zeppelin eramango nuke, eta
uhartea izanda, Bob Marley ere bai, noski! Musika
beltz asko ere bai: funkya, soula, jazza eta, nola
ez, Rock & Rolla.
GAIZKA SALAZAR (BILBO, 1977)
Gaizka Salazar Bilbon jaio zen 1977an.
Perkusioa ikasi zuen eta handik gutxira
bateria jotzen hasi zen
Einbigu, Frik eta The Rabid Harpy taldeetako
kidea izan da
2002an Alex Sarduik (ahotsa), Haimar
Arejita (gitarra elektrikoa), Mikel
Caballerok (baxua) eta Gaizka Salazarrek
(bateria) Gatibu taldea osatu zuten
Gatibuk bi disko plazaratu ditu.
“Zoramena” izan zen lehenengoa, eta
20.000 kopia saldu zituen. Jarraian “Disko
infernu” kaleratu zuen 2005ean, Fito
Cabrales (“Fito y los Fitipaldis”ekoa) eta
Roberto Iniestaren (“Extremoduro”ko kantaria)
lankidetzaz
|
|
|
^
|
Musika-udalekuak: musikaz gozatu uda hasteko
Uda honetan, gazteenek ezinbesteko hitzordua
dute BilbaoMusikaren Musika Bai! izeneko musikaudalekuen
programa berritzailearekin. Hirugarren
urtez, oporren hasieran, 4 eta 12 urte tarteko
neska-mutilak musika mundua ezagutu eta beren
adineko beste neska-mutil batzuekin harremanetan
sartzeko aukera eskainiko dien bi asteko sasoi
ludikoaz gozatu ahal izango dira. Aurten ere, ekimenak
erabateko arrakasta lortu du, baina hau ez
da gauza berria: ikastaroak hasi baino bi hilabete
lehenago, “plazarik ez” dioen kartela eseki behar
izan dugu.
Musika Bai! uztailean egingo da Bilboko Udal
Musika Eskolako instalazioetan (Sorkunde kalea, 8),
bi txandatan banatuta. Lehenengo udalekua ekainaren
30etik uztailaren 11ra bitartean egingo da,
eta bigarrena, uztailaren 14tik 24ra bitartean.
Jarduerak –euskaraz nahiz erdaraz– astelehenetik
ostegunera egingo dira, 9:30etatik 13:30etara
bitartean. Iaz ezarritako berrikuntzari jarraituz,
antzerkia egiteko izena eman dutenak ordubete
lehenago sartuko dira, 8:30etan alegia.
Antzerki tailerrez gain, programak era askotako
jarduerak eskainiko ditu, kontzertu didaktikoak,
adierazpidea, jolasak, gorputz heziketa, dantza,
koreografia eta kantua tarteko direla.
Errepertorioak era askotako doinu eta musika-estiloak
bilduko ditu, Barrokotik hasi eta gaur egungo
musikaraino, eta jarduera guztiak Udal Musika
Eskolarekin kolaboratzen duten Gorputz Heziketan
lizentziatutako profesionalek zuzenduko dituzte.
Udaleku bakoitzaren amaieran, uztailaren 11 eta
24an hurrenez hurren, familia osoarentzako kontzertu
bana egingo da Bilborock areotan –‘Musika
familian’–, eta bertan, ikasleek eszenatoki gainetik
erakutsi ahal izango dute ikasitakoa kontzertu
xume eta jostagarri baten bitartez. Horrez gain,
diplomak banatuko dira ikastaroan parte hartutako
neska-mutilen artean.
|
|
|
^
|
Kontzertuz betetako agenda ikasturtea amaitzeko
Ikasturte amaierari ekiteko, kontzertuz betetako
agenda dakarkizuegu. Horrexen berri emango
dizuegu agendari eskainitako orrialdean, baina
aurrerapen moduan, hitzordurik garrantzitsuenetako
batzuk gogoratu nahi dizkizuegu. Maiatzean,
esate baterako, Galera eraikinean, José Antonio
Domené harpa-jotzailearen talentuaz (Gazteria
Musikalak, maiatzak 13) eta Carlos Goikoetxea
piano-jotzailearen maisutasunaz (Interprete
Gazteen I. Zikloa, maiatzak 16) gozatzeko aukera
izango da; inprobisazioa jaun eta jabe izango da
jam sessions delakoetan, jazz musikaren zaleentzat
prestatutako musika oneko ospakizunaren bitartez
(Hika Ateneoa, maiatzak 22 eta ekainak 12); ikasturte
amaierako kontzertuan, sorpresaz betetako
programa eskainiko da (ekainak 3, Ayala
Antzokia); eta amaitzeko, ekainaren 21ean
Musikaren Europar Eguneko ospakizunak egingo
dira Urian sakabanatutako eszenatoki desberdinetan.
BilbaoMusika ondo baino hobeto ordezkatuta
egongo da talde desberdinen bitartez (txistulari
taldea, eskusoinuak konboak, trikitilariak, etab.)
eta Eskolako sailei esker (Musika eta Dantza
Tradizionala, Instrumentu polifoniko, sinfoniko eta
modernoak). Ez duzue huts egin behar!
|
|
|
^
|
Txistulari gazteak lehian Gipuzkoan
Joan den apirilean, BilbaoMusikako musikari gazteek
lehiaketa banatan parte hartu zuten
Gipuzkoako Hernani eta Elgoibar herrietan; aukera
ezin hobea interprete gazte hauen talentua
neurtzeko. Lehendabizi (apirilaren 12an)
Hernaniko IV. Txistulari Gazteen Txapelketa egin
zen, zazpi talde eta 14 txistulariren partaidetzaz.
Bizkaiko ordezkari gisa, bi txistulari gaztek parte
hartu zuten bakarkako kategorian. Bata, gure
Eskolakoa, eta bestea, J.C. de Arriaga
Kontserbatoriokoa. Astebete geroago, Elgoibarko
Musika eta Dantza Eskolako Auditorioa VII.
“Elgoibarko Herria” Instrumentu Taldeen
Lehiaketaren eszenatoki bihurtu zen. Bilbora saririk
lortu gabe itzuli ziren arren, gure txistulariek
lan ezin hobea egin zuten lehiaketa hauetan.
|
|
|
^
|
Kepa Junkera, Aste Nagusiko Txistulari Agerraldian
Bilboko Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren
24an, jaietako azken igandeko ohiturari jarraituz,
BilbaoMusikak antolatutako Txistulari Agerraldia
egingo da Plaza Barrian. Agerraldiak gonbidatu
aipagarria izango du aurten, Kepa Junkera, egun
berezi horretan Txistulari Bandarekin batera jardungo
duena. Igandean, abuztuak 24, 13:30etan
hasita, bertaratutakoak euskal musika eta dantzaren
onenaz osatutako aukeraketa ederraz gozatu
ahal izango dira.
Bilboko Udal Txistulari Bandak zuzenduta eta
bere zuzendari Garikoitz Mendizabalen batutapean,
jai ekitaldi honetan itzal handiko artista eta
taldeek parte hartuko dute, Euskadi Brass Metal
Bostkotea, Euskal Herriko Txistulariak eta San
Anton Abesbatza tarteko direla. Hauen ondoan,
Xabi Zabala moldaketez, teklatuez eta soinuaz
arduratuko da, Iñigo Eskubi gitarraz eta Iñaki
Telleria eta Asier Gartzia perkusioaz.
Aste Nagusiko ohiko ospakizun honek laurogeita
hamar minutu inguruko iraupena izango du, eta
Luis Aranbururen “Aintzinako Minuetoa”z abiatuko
da, Txomin Agirregomezkortak moldatuta.
Ondoren etorriko dira “Araban bagare”, Gontzal
Mendibil eta Xeberriren hitzekin, eta Kepa
Junkeraren bi doinu, “Txistulari” eta “Uriondo eta
Gizaburuaga”. Agerraldiarekin aurrera eginez,
“Maitetxu mía” eskainiko da, kantu tradizionalez
osatutako “Abestien popurria”, eta “Behin betiko”,
Imanol Urbietarena. Azkenik, Kepa
Junkeraren beste bi doinu (“Muskerraren baltsa”
eta “Bok espok”) entzuteko aukera izango da,
baita biribilketa popurri bat ere ospakizuna
amaitzeko.
Ikus dezakezuenez, Aste Nagusiaren amaierako
ekitaldi honek gure kulturako onenaz gozatzeko
aukera paregabea eskainiko du. Gurekin izango
diren musikari eta dantzarien kalitatea ikusita,
Plaza Barria jendez gainezka egongo da, baina ZU
ZEU ere bertan egotea nahi dugu. Zure zain
gaude!
|
|
|
^
|
Garikoitz Mendizabalek “Bihurrikeritan” bakarkako lana
aurkeztu du
Bilboko Udal Txistulari Bandak euskal musika-tresna
bereizgarrienaren interpretazio-aukerak sustatzeko
ahalmenari eusten dio. Bandak diskogintzan
egin dituen bi murgilketa arrakastatsuen
ondoren, (“Harizko txistua” eta “Hala ere”),
Garikoitz Mendizabal, Bandako zuzendaria,
bakarkako lanean ahaleginduko da.
“Bihurrikeritan” da lanaren izenburua, eta diskoa
maiatzaren amaierarako egongo da salgai.
“Bihurrikeritan” 15 doinuz osatuta dago, Santos
Intxausti (“V. Kontrapasa” eta “IV Kontrapasa”),
Eusebio Basurko (“Artzai kantak”) eta Isidro
Ansorena (“Jo, mutilak gogoz”) bezalako musikagile
klasikoek edota gaur egungoagoak diren
Xabi Zabala eta Korto anaien moduko konpositoreek
egindako lanak tarteko direla. Diskoa osatuz,
herri kantak ere tartekatu dira, hala nola, “Arin,
ariña”, “Tocata antigua” delako boleroa eta,
berrikuntza bezala, Europa Ekialdeko ohiko dantza
bat, “Czardak” (V. Monti), Aitor Furundarena
soinujole gonbidatua duena.
|
|
|
^
|
Kalejira Zazpi Kaleetan barna
Erosketak egitea, pintxotan ateratzea eta Bilboko
Zazpi Kaleetan zehar ibiltzea are zeregin erakargarriagoak
izango dira hemendik aurrera.
“Asteazkenetan, txistua benetan” kontzertuzikloa
amaitu bezain laster, Udal Txistulari Banda
Euskalduna Jauregia utzi eta Zazpi Kaleetako
ohiko kalejiretan murgilduko da. Alde Zaharreko
Merkatarien Elkartearekin sinatutako lankidetzahitzarmenari
esker, Bandak kalejirak egingo ditu
auzoan zehar, larunbat-larunbatero, goizeko
11etatik aurrera. Hau jakinda, beste arrazoi bat
daukazu Bilboko auzo ezagun hau bisitatzeko.
|
|
|
^
|
Banda, Areatzako Kioskora
Arriaga Antzokian igandero bakarlari prestigiotsuen eta
zuzendari gonbidatuen laguntzaz eskain dituen udazken-
neguko kontzertu-denboraldi arrakastatsuaren
ondoren, Udal Musika Bandak Areatzako kioskora eramango
ditu emanaldiak. Udaberriko eguraldi gozoaz
baliatuta, Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko
ditu maiatzean eta ekainean eszenatoki honetan.
Kontzertuak ostiraletan egingo dira –ekaineko azken
emanaldia izan ezik, larunbatean egingo baita, hilak 21,
Musikaren Europar Egunarekin bat eginez (12,00etan)–
arratsaldeko zazpi t’erdietatik aurrera eta Rafael Sanz-
Espert zuzendari titularraren batutapean.
Kioskoan eskainiko diren kontzertu hauetako lehena
maiatzaren 16an ospatuko da. Bandako zuzendariorde
Iñaki Urkizu arduratuko da zuzendaritzaz, eta zuzendari
gonbidatua Juan Manuel Gómez de Edeta izango
da, Estatuko orkestra eta banda onenetan diharduen
tronpa-jotzaile bakarlaria. Gómez de Edeta (Valentzia,
1943) Donostiako Goi Kontserbatorioko katedraduna
izan zen, eta Espainian “tronpa alpetarra” sartu izanak
eman du ezagutzera. Musikari valentziarrak hainbat
sari eskuratu ditu 40 urtetik gorako ibilbidearen esker
onez. Maiatzeko eskaintza osatuz, kontzertu bana
eskainiko da azken bi ostiraletan, hilak 23 eta 30.
Lehenengoan, Natalia Montañés eta José Luis Masó
izango dira protagonista zuzendari gonbidatu gisa,
eta bigarrenean, Iñaki Urkizuk hartuko du batuta
berriro ere.
Ekaina hasteko, hilaren 6an, Rafael Sanz-Espert zuzendari
titularraren batutapeko kontzertua egingo da.
Ekainaren 13an, Sevillako Musika Bandako zuzendari
Francisco Javier Gutiérrez-en txanda izango da, eta
hilaren 20an, Sanz-Espert arduratuko da berriro orkestra
zuzentzeaz udaberriko denboraldiko azken kontzertuan.
Horrez gain, Bandak beste kontzertu batzuk
eskainiko ditu maiatzaren 17an Buiako auzoan
(Buiabarri Plaza, 12:00etan.), eta ekainaren 7an
Eltziegon (Araba), arratsaldeko zortziretan, Eltziegoko
Musika Bandaren sorreraren 125. Urteurrena ospatzeko
ekitaldi-sortaren barruan.
|
|
|
^
|
Aste Nagusiak Oskorri eta Banda elkartuko ditu berriz ere
Jaien aurreko edizioan, euria dela eta, bertan behera
geratu zen Oskorri eta Bilboko Udal Musika Bandak
elkarrekin eskaini behar zuten kontzertua.
Emanaldiaz gozatu ezinik geratu zirenek bi musikatalde
beterano hauek elkarlanean ikusteko beste
aukera bat izango dute aurten. Kontzertu berezi
honetan, errepasoa egingo zaio Oskorriren 36 urtetik
gorako errepertorio historikoari. Programaren
barruan, kantu gogoangarriak entzun ahal izango
dira, hala nola, “Emazurtz” —Gabriel Arestirekin
batera idatzitako kanturik hunkigarrienetakoa—,
“Forjarien kanta” —Eibarren greban ibili ziren forjarien
kantu zaharra—, “Aita gurea” edota “Arin Bero”
eta “Furra furra” klasikoak, besteak beste.
Bestalde, Aste Nagusian, Bandak kontzertua eskainiko
du egun-egunero Kioskoan (igandean, abuztuak
12, hasi eta hilaren 24ra bitartean), eguerdiko 12etatik
aurrera. Gainera, ohiturari jarraituz, Bandak Aste
Nagusian antolatzen diren zezenketa guztiak alaituko
ditu Rafael Sanz-Esperten zuzendaritzapean.
|
|
|
^
|
Idoia Uzquiaga klarinete-jotzailea, Bandako emakumerik beteranoena
Aldizkariaren atal berri honen bidez –aurreko alean
inauguratu genuen Juanje Silguerorekin–, Udal Banda
osatzen duten musikariak ezagutarazi nahi dizkizuegu.
Hauxe duzue oraingo protagonista: Idoia
Uzquiaga klarinete-jotzaile eta Bandako kidea 1987
urteaz geroztik. Idoia dugu, gainera, taldeko emakumerik
beteranoena.
Galdakoztarra jatorriz, Idoia Uzkiaga Gilek (Bilbo,
1973) Máximo Moreno Musika Eskolan (Galdakao)
ekin zion musika ikasteari, harik eta J. C. de Arriaga
kontserbatorioan klarinetearen goi titulazioa lortu
zuen arte. Idoiak irakasle izan ditu, besteak beste,
Jesús María Bilbao Estefanía, Florián Popa, Walter
Boykens edota Henry Bok, eta zenbait kontserbatorio
eta musika eskoletan lan egin du. Klarinete-jotzaile
bizkaitarra 13 urte zituela sartu zen Bandan, “baina
orduan errekintoa jotzen nuen, hatzamarrak txikiegiak
nituelako klarinetea jotzeko. Aitak zerikusi handia
izan zuen instrumentuaren hautaketarekin, bera
ere klarinete irakaslea eta Erandioko Musika Bandako
kidea baitzen”. Idoiak musika mota guztiak ditu atsegin,
salbuespen gutxi batzuk gora-behera: “bakailao
musika gorroto dut”.
Bandaren egungo eginkizunari dagokionez, Idoiak
uste du “Arriaga bezalako lekuetan jotzeak aldaketa
ekarri digula guztioi, baina aldi berean, Bandako
musikariok motibatuago sentitzea eta eszenatokian
den-dena ematea suposatu du.”
Baikortasunez ikusten du klarinete-jotzaileen oraina
eta geroa Euskadin. Hala ere, zera azaldu du kexuka:
“LOGSEren bitartez, ikasleak orkestretara orientatzen
dituzte irtenbide profesional bila, bakarlariak izan
daitezen zehazkiago esanda. Ondorioz, karrera amaitu
eta oposaketetara aurkezten direnean,
bi aukera besterik ez dituzte
ikusten: irakaskuntza eta orkestrak,
eta badirudi ez dituela batere motibatzen
bestelako elkarte profesionaletako
kide izateak.”
Bandak zuzendari batzuk izan ditu
Idoia taldeko kide bihurtu zenetik.
Idoiak hitz gozoak erabiltzen ditu
bakoitzari buruz mintzo denean:
“Bandan sartu nintzenean, jende askok ez zuen begi
onez ikusten nik “boloak” egiterik (ganbera musika,
marchin’ band, txarangak, etab.), Urbanok esaterako.
Baina behin batean, Aste Nagusian, Goienkalean jotzen
ari ginela, hara non, bertara azaldu eta tronpeta
jotzeari ekin zion. Sekulako ilusioa egin zidan. Jerryrengandik,
tradizio batzuk zaintzeko zeukan interesa,
eta nola ez, bere umore ona azpimarratuko nituzke.
Eta Rafa Sanz-ek Bandako kideen autoestimua jasotzea
lortu du, eta horren emaitza kontzertu guztietan
dago ikusgai, edo entzungai hobeto esanda.”
Idoiak aitortu duenez, lehen saxofoi altua jotzea zen
bere zaletasunik gogokoena, baina orain “Erandioko
Bandarekin jotzen ibiltzea” da gehien gustatzen zaiona.
“Bertan hasi nintzen, eta atsegina izaten da atrileko
lehen lankideekin batzartzea”, esan du. Euskal klarinetejotzaileak
teknika lantzen jarraitzen du RTVEko orkestra
sinfonikoan diharduenMiguel Espejo Plá bakarlariarekin,
ikastaroetara joaten segitzen du eta –hau bai gogoko
duena– ganbera-kontzertuetan ere parte hartu ohi du
horretarako aukera duen bakoitzean. Desio bat ere azaldu
du, eta ziur gaude luze gabe bete ahal izango duela:
“bakarlagi gisa jo nahi nuke inoiz kontzerturen batean”.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Maiatzak 16 | Barikua | La Galera Eraikina | 19.00etan
Gazte Musikazaleen I. zikloa Carlos Goikoetxea (pianoa)
Maiatzak 20 eta 21 | Martitzena eta eguastena | La Galera
Eraikina | 19.00etan
Guitarra saileko ikaslegoaren auzdizioa.
Maiatzak 21 | Eguastena | Bidebarrieta Kulturgunea | 19.30etan
Bilbaomusikako Irakaslegoaren I.Kontzertu Zikloa
Klarinete bikotea : Sergio Barranco eta Rafael Climent.
Maiatzak 22 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan
Jam Session.
Maiatzak 22 | Eguena | La Galera Eraikina | 19.00etan
Kontzertu / Kantu audizioa.
Maiatzak 26 | Astelehena | Bilborock
Musika Moderno Saileko ikaslegoaren audizioa.
Maiatzak 30 | Barikua | La Galera Eraikina | 19.00etan
Soinuaren kontzertu / audizioa.
Ekainak 3 | Martitzena | Ayala Antzokian | 19.30etan
Kurtso bukaerako Kontzertua.
Ekainak 4 | Eguastena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan
Pianoaren kontzertu / audizioa.
Ekainak 5 | Eguena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan
Teklatu Sailaren audizioa.
Ekainak 9 | Astelehena | Bilborock Auditorioan
Musika tresna Sinfonikoen audizioa.
Ekainak 11 | Eguastena | BilbaoMusika Auditorioan | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoko ikaslego nagusien audizioa.
Ekainak 12 | Eguena | Hika Ateneoa | 19.30etan
Jam Session.
Ekainak 13 | Barikua | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoen audizioa.
Ekainak 16 | Astelehena | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan
Musika tresna Sinfonikoen audizioa.
Ekainak 18 | Eguastena | BilbaoMusikako Auditorioa
Musika eta Dantza tradizionalaren audizioa.
Ekainak 20 | Barikua | BilbaoMusikako Auditorioa | 19.00etan
Lengoaia Musikaleko ikaslegoaren audizioa.
Ekainak 21 | Zapatua
MUSIKAREN EUROPEAR EGUNA.
Ekainak 22 | Domeka | San Pedro plaza | 12:30etatik aurrera
Udal Musika Eskolako taldeen kontzertua .
Uztailak 11 eta 24 | Barikua eta osteguna | Bilborock | 18.30etan
“Familiartean Musika”, Musika bai! Musika udalekuetako
itxiera Kontzertua.
UDAL MUSIKA BANDA
Udaberriko Kontzertuen denboraldia
Maiatzak 16 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendaritza: Juan Manuel Gómez de Edeta (zuzendari gonbidatua)
eta Iñaki Urkizu (Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea).
Maiatzak 17 | Zapatua | Buiabarri Plaza | 12.00etan
Buia auzoan Kontzertua.
Maiatzak 23 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendari gonbidatuak: Natalia Montañés eta José Luis Masó.
Maiatzak 30 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendaritza: Iñaki Urkizu (Bilboko UdalMusika Bandako zuzendariordea)
Ekainak 6 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendari titularra: Rafael Sanz-Espert.
Ekainak 7 | Zapatua | Elziego (Araba) | 20.00 h.
Udal Musika Bandaren Kontzertua, Elziegoko bandaren 125
Urteurrena dela eta.
Ekainak 13 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendari gonbidatua: Francisco Javier Gutiérrez ( Sevillano
Udal Musika bandako zuzendaria).
Ekainak 20 | Barikua | Areatzako Kioskoa | 19.30etan
Zuzendari titularra: : Rafael Sanz-Espert.
Ekainak 21 | Zapatua | Areatzako Kioskoa | 12.00etan
MUSIKAREN EUROPEAR EGUNA REN inaugurazio Kontzertua.
Zuzendari titularra: : Rafael Sanz-Espert.
UDAL TXISTULARI BANDA
Zapatuetan | Zazpi Kaleak | 11.00etan
Kalejirak.
Abuztuak 24 | Domeka | Plaza Berria | 13.30etan
Txistularien Alardea, Udal Txistularien Bandarekin. Kepa
Junkerara, Euskadi Brass Metal Bostkotea, Euskal Herriko
Txistulariak eta San Antón Abesbatza taldeen partaidetza.
Informazio gehiago: www.bilbaomusika.net
|
|
|