|
^
|
MUSIKAZ ALDERIK ALDE
Azkenean. Irrikitan geunden ikasturtea amaitu eta
oporrak hasteko. Ondorioz, hauxe duzue gure aldizkariaren
azken alea udako atsedenaldian murgildu
baino lehen. Aukera honetaz baliatuta, ondo merezitako
oporraldiaz gozatu eta datorren ikasturtean
gogo onez itzul zaitezen eskatu behar dizuegu. Guk,
uda izanda ere, ez dugu Eskolako atea itxi behar;
ikasgelak besterik ez, eta musikaz alderik alde ibili
behar dugu datozen asteotan. BilbaoMusikan ekitaldiz
betetako agenda osatu dugu hilabete hauetarako,
eta atsegin handia izango litzateke guretzat
zuek ere ekitaldi horiekin bat egitea.
Baina has gaitezen hasieratik. Ikasturte akademikoa
ekainaren 22an amaituko da, eta horren aurretik,
hainbat ekitaldi daukagu programatuta —beti
bezala, horietara etortzeko gonbidatuta zaudete—.
Lehenik eta behin, maiatzaren 20an, ‘egun handia’
ospatuko dugu Euskalduna Jauregian: Ikasturte
Amaierako Kontzertua. Festa-jantzirik dotoreenak
jantzita, gure neska-mutilen talentuaren erakustaldi
hunkigarri honetaz gotzatzeko prestatuko gara.
Sarrera doakoa da, baina derrigorrezkoa izango da
gonbidapena jasotzea. Erne ibili, beraz.
Galera eraikinean dugun auditorioan, bestalde,
Eskolako sail desberdinen entzunaldi-kontzertuak
egingo dira, baita Interprete Gazteen zikloko saio bat
ere. Azken honetan —maiatzaren 14an, ostegunez,
etorkizunean pianoa, biolina eta txeloaren alorreko
izarrak izango diren Iñigo, Olatz eta Unai Ruiz de
Gordejuela neba-arreben birtuosismoaz gozatzeko
aukera izango dugu. Gainera, hilabete hauetan, gure
ikasleek inprobisazioaren freskotasuna erakutsiko
dute Hika Ateneoan, maiatzaren 22rako eta ekainaren
11rako antolatuta dauden bi ‘jam session’-etan.
Horrez gain, urtero bezalaxe, gure ikastegiko sail desberdinetako
taldeek (konboak, abesbatzak, Orkestra,
Banda,...) Musikaldiaren edizio berri batean parte
hartuko dutela Mungian maiatzaren 16an, larunbatez,
Euskal Herriko Musika Eskolen jaiegun honetara
hurreratuko diren gainerako taldeekin batera.
Era berean, Musikaren Europar Eguneko ospakizunekin
bat eginik, ekitaldi desberdinetan parte hartuko
dugu hiri osoan zehar, bilbotarrek efemeride
harmoniatsu horretaz gozatzeko aukera izan dezaten
asteburu osoan (ekainaren 19an hasi, ostirala
delarik, eta hilaren 21era arte). Eskolatik kanpo, maiatzean eta ekainean, Udal
Bandak aurrera jarraituko du udaberriko kontzertudenboraldiaz
Areatzako kioskoan. Hitzordua ostiraletan
izango da, maiatzaren 8, 22 eta 29an eta ekainaren
5, 12 eta 19an, 19:30etatik aurrera.
Txistulari Bandari dagokionez, gogoan izan, larunbatero
aurkitu ahal izango duzuela Zazpi Kaleetan
zehar kalejiran. Beraz, goiza paseoan, erosten edo
pintxoetan goxo-goxo eman nahi baduzue, euskal
giro peto-petoan, Zazpi Kaleetara hurreratu edozein
larunbatetan (jaiegunetan eta uztaileko eta abuztuko
larunbatetan izan ezik), 10:00etatik 11:00etara
bitartean. Hortxe topatuko dituzue, zintzo-zintzo.
Udan sartuta, uztailean, lau eta hamabi urte tarteko
neska-mutilei zuzendutako musika-udalekuak antolatuko
ditugu berriro ere. Horietan parte hartzen dutenek
jolasez, pintura, dantza edo mimo-tailerrez eta
bestelako jarduerez gozatzeko aukera izango dute,
betiere musika-irakaskuntza ardatz nagusitzat hartuta.
Amaitzeko, abuztuan, Aste Nagusiko ospakizunekin
bat egingo dugu. Udal Bandak zintzo-zintzo beteko
ditu zezen-plazan eta Areatzako kioskoan hartuta
dauzkan ohiko hitzorduak. Egunero, eguerdiko
12:00etan, kontzertua eskainiko du Areatzan, eta
urtero bezalaxe, Plaza Barrian antolatuko den
Txistulari Agerraldiaz itxiko dugu Aste Nagusirako
ekarpena. Zer prestatu ote digu aurtengo ediziorako
Udal Txistulari Bandak?
Besterik gabe, eskerrak eman behar dizkizuegu
BilbaoMusikak errealitatea izaten jarrai dezan
laguntzen duzuen guztioi. Uda zoriontsua izan, eta
ondo pasa!
|
|
|
^
|
02 ELKARRIZKETA
IÑIGO ESKUBI
Gitarra irakaslea eta udal musika eskolako musika modernoa saileko burua
"Oraingo neska-mutilek guk jotzen genuen baino hobeto jotzen dute"
Irakasle batek (irakasle on batek) ez ditu soilik irakasten bere
ikasgaiari dagozkion alderdi teknikoak. Horrekin batera,
liburuan zehaztutakoaren gainetik, ibilbide profesionalean
sor dakizkiekeen gorabeherei aurre egiten ere irakasten die
irakasleei. Horrela, esperientzia gradutzat jotzen duen pentsamoldea
ikasgeletan gauzatuta ageri da, eta horixe da Iñigo
Eskubiren eskolei halakoxe balio erantsia ematen diena.
Eskubi laurogeiaren hamarkadako euskal rock erradikala
zeritzonaren eragile ezagunenetakoa izan zen. ‘Platero y tú’
eta ‘Yo soy Julio César’ taldeetako kidea izan zen, eta bigarrenarekin
batera, Bilboko Uria sariaren lehen edizioan nagusitu
zen. Gaur egun, kontserbatoriora joatea erabaki zuen
“kaleko musikari” hark ikasletzat jotzen du oraindiik bere
burua (flamenko eta jazz irakasletzat, alegia), eta musika jotzeko
grinari aurre egiteko, noizean behin, boloak eskaintzen
ditu, “lasai eta patxadaz”, jatetxeren batean, saxo-jotzaile
baten akonpainamenduaz. Bere ikasleei antzeko zeozer egitera
animatzen ditu, ikastera alegia, baina ez soilik musika.
Zein unetan erabaki zenuen zure karrera profesionala irakaskuntzara
bideratzea?
Niretzat, musika munduan egin ditzakezun lan desberdinetako
bat da. Nire ustez, musikari gehienok irakaskuntzan jardun
ohi dugu une batean ala bestean. Gogoan izan behar
dugu musika mundua oso ezegonkorra dela lanaren ikuspegitik.
Han-hemenka ibili beharra duzu, zizka-mizka: emanaldiak
egin, eskolak eman akademia pribaturen batean…
Beraz, duela sei urte, lan finko honetan jarduteko aukera
sortu zitzaidanean, bertan geratzea erabaki nuen.
Nolako desberdintasunak daude zure gazte denborako musika
ikasteko modua eta gaur egun Eskolan ikasten duten
neska-mutilen prestakuntzaren artean?
Prestakuntza teknikoari dagokionez, aldea sekulakoa da.
Gure garaian, sormena handiagoa izan zitekeen, baina bitartekoak
askoz eskasagoak ziren. Orain, badirudi, musika munduan
ideia gutxiago sortzen direla euskal rock erradikalaren
garaian baino. Gaur ez dago orduan musikaren inguruan
zegoen pil-pileko giro haren antzekorik, baina argi dago
egungo neska-mutilek guk jotzen genuen baino askoz hobeto
jotzen dutela.
Musika Eskolako neska-mutilekin egiten duzun lan horretan,
zein da zuretzat alderdirik pozgarriena?
Ikasleei azaltzen diezunean nola lortu beren talde gustukoenei
entzundako soinuak (horixe baita nagusiki Eskolara ekartzen
dituena), magia irakastea bezalakoxea da. Egia esanda,
izugarren pozgarria egiten zait ikustea zein ilusio handiz
ikasten duten, guri, haien adinean horrenbeste kostatzen zitzaigun
hori. Hamasei urte nituela, hemen ez zegoen gitarra
elektrikoa jotzen irakatsiko zizun irakaslerik. Kontzertuetara
joan ondoren, zuk zeuk ikasi behar zenuen, etxean eta zeure
kasa, nola atera soinu horiek. Behin eta berriz jotzen zenituen
asmatu arte.
Nola definituko zenuke gazteen interesa musikari dagokionez?
Gazteen artean, interes handia dago musikari dagokionez.
Gure sailean izugarrizko itxaron-zerrenda luzea daukagu.
Egia esanda, gitarra elektrikoa oso instrumentu erakargarria
da gazteentzat, eta seguru aski, eskari hori are nabarmenagoa
da musika modernoan beste estilo batzuetan baino.
Alabaina, interesa handia da instrumentu guztietan. Musika
Eskolan erantzun ezinik gabiltza, eta oraingo edukiera
bikoiztu beharko genuke Bilboko auzokideen premiei erantzun
ahal izateko.
Zure ustez, irakaskuntza orokorrak kasu egiten al dio musikarekiko interes horri?
Musika-heziketa murritzegia da eskola eta institutuetan.
Herrialde nordikoetan, gazteek biolina, pianoa edo beste instrumenturen
bat jotzen jakin ohi dute eskola-garaia amaitutakoan;
gure eskoletan, aldiz, txirula apur bat jotzen besterik
ez dizute irakasten orokorrean. Nolanahi ere, ondo gogoan
izan behar da, Finlandia edo Suedia bezalako herrialdeetan
duten maila lortzeko, ezinbestekoa dela bitarteko egokiak
izatea eta kultura alorreko hezkuntzaren alde apustu argia
egitea. Gaur, badirudi, hezkuntzaren helburua produktibitateari
eta enpresari erantzutea dela, eta gainera, LOGSEren
aldaketaz geroztik, zailagoa suertatzen da unibertsitate alorreko
ikasketak eta kontserbatoriokoak uztartzea.
Lehen aipatu duzun musikarien ezegontasun profesionalaren
haritik, zer gomendio eman ohi diezu ikasleei etorkizun profesionalari
begira?
Musika ikasten duzunean, ospea eta fama lortu nahi duzu,
noski. Oholtza gainean egon eta jendearen txaloak jaso nahi
dituzu, baina horra iristeko ibilbide profesionala oso-oso latza
da. Nik ematen diedan gomendioa da bizkarra ondo babestuta
ibiltzea; musika ikas dezatela, eta horretan jarduteko ahalegin
guztiak egin ditzatela, baina aldi berean beste ikasketa
batzuk ere egin ditzatela, horretarako aukera baldin badute.
Gustuko duten karreraren bat egin dezatela unibertsitatean,
musikarako denbora emango diena, alegia. Triste samarra da
musikan profesionalki diharduen pertsonak batek honelakorik
esatea, baina oso ona zarela sinetsi eta osperako prestatu
arren, ondo gogoan izan behar da beti porrot egiteko aukera;
eta hori gertatzen bada, oso lagungarria izan ohi da beste
bide batzuk zabalduko dizkizun tituluren bat izatea…
IÑIGO ESKUBI ADUNA (BARAKALDO, 1963)
Gitarra klasikoko tituluduna da, eta gitarra-
eskolak hartu ditu Gabriel Rosales,
Stanley Jordan eta Toquinho bezalako
artistekin batera.
Zenbait rock taldetako kide izan da,
‘Platero y tú’ edo ‘Yo soy Julio César’ tarteko
direla, eta azken honekin, lehen Bilboko
Uria saria irabazi zuen. Horrez gain, beste
talde batzuen grabazioetan –Hilargiren ‘Lo
estamos pensando’ kasu (Discos Suicidas
etxeak kaleratutakoa)– eta ‘Megasonikoak’
animaziozko filmaren moduko soinu-bandetan
parte hartu izan du.
Gaur egun, iraskasle lana eta flamenko eta
jazz alorreko gitarra-ikasketak uztartzen
ditu, eta emanaldiak ere eskaini ohi ditu
saxofoi-jotzaile baten akonpainamenduaz.
|
|
|
^
|
Ikasturte Amaierako Kontzertua
Ikasteko garaia amaituz doa, eta garrantzi handiko
unea iritsiko da luze gabe gure neska-mutilentzat:
Ikasturte Amaierako Kontzertua. Ziur gaude bertan
talentuaren eta etengabeko jardunaren emaitzak
erakusteko aukera izango dutela (irakasleen lasaitasunerako),
eta ondorioz, urduritasunaz kontuz
ibiltzea komeni da, ezustekorik eragin ez dezan.
Maiatzaren 20a izango da egun handia, eta eszenatokia
ere, profesional handi-handien kategoriakoa:
Euskalduna Jauregiko A-1 Aretoa. Sarrera doakoa
izango da, baina bertaratu nahi dutenek ezinbestekoa
dute gonbidapenak jasotzea –bi txartel pertsona
bakoitzeko–, kontzertuaren egunean, 17:00etatik
aurrera, Jauregiko txarteldegian. Parte hartuko
duten ikasleen gonbidapenak 10:30 baino lehen
jaso behar dira. Une horretatik aurrera, interesatuta
dagoen jendearen artean banatzeko moduan
jarriko dira.
Ikasle eta irakasleen artean, 250 lagun baino gehiagok
parte hartuko dute ikuskizun zirraragarri honetan,
txiki eta gazteen bandak, txistulariak, soinujoleak,
hari-orkestrak, heldu eta haurren koruak eta
Eskolako gainontzeko sail guztiak tarteko direla.
Iaz, Beatles taldeari eskainitako kontzertua eman
zuten. Zer prestatu ote digute oraingo honetarako?
|
|
|
^
|
Interprete Gazteen Zikloa
Ikasturtea amaitu aurretik, Eskolak musika klasikoan
diharduten hiru musikari gazteren talentuaz
gozatzeko aukera eskainiko du kontzertu ezinago
‘familiar’ baten bitartez. BilbaoMusikako Interprete
Gazteen zikloak azken txanda egingo du Galerako
auditorioan hilaren 14an, osteguna, eta bertan,
Iñigo, Olatz eta Unai Ruiz de Gordejuela neba-arrebek
osatutako piano, biolin eta txelo hirukotearen
kontzertua entzuteko aukera izango da. Gazteek
ganbera-kontzertua eskainiko dute Marta Agirre
pianojolearen akonpainamenduaz, eta bertan,
Pablo Sarasate, Claude Debussy, Wolfgang Amadeus
Mozart, Ludwig van Beethoven eta Georg Friedrich
Häendel-en lan klasikoak tartekatuko dituzte.
|
|
|
^
|
Musika Eskolekiko hitzordu berria Musikaldian
Ohiturari jarraituz, aurten ere Euskal Herriko
Musika Eskolen hitzorduan parte hartuko dugu
Mungian, hilaren 16an (larunbata) egitekoa den
Musikaldian. Edizio honetan, harro-harro ibiltzeko
moduan izango gara hainbat ikasleren talentuaz,
Eskolako talde guztiak bertaratuko baitira.
Topaketa honek aukera aparta eskaintzen du,
Euskal Herriko Musika Eskola gehienetako ikasle
eta irakasleekin musikazaletasuna, eta musikan jarduteko
gogoa eta atsegina partekatu ahal izateko.
|
|
|
^
|
Entzunaldietarako prest?
Maiatzean eta ekainean, Eskolak sail desberdinetako
ikasleen entzunaldiak egingo ditu hogei bat
kontzerturen bitartez. Txistu ikasleei egokituko
zaie emanaldi-sorta honi hasiera ematea, maiatzaren
5ean eta 6an eta ekainaren 2an, Galerako
auditorioan. Ondoren, Koru ikasleek erakutsiko
dituzte urtebeteko lan eskergaren emaitzak, hilaren
11n Bilboko Eskolapioen Ikastetxean, eta hilaren
25ean Oiartzunen. Egun berean, maiatzak 25,
Santutxuko Luis Briñas Eskolaren 75. urteurreneko
ekitaldiekin bat eginez, Musika eta Dantza
Tradizionala Saileko ikasleen lehen kontzertuaz
gozatzeko aukera izango da ikastetxean bertan.
Bigarren kontzertua, konboei eskainitakoa, hilaren
28an egingo da.
Bestalde, instrumentu sinfonikoen Sailak maiatzaren
18an eskainiko du lehenengo entzunaldia
(hilaren 13an egin behar zen, baina aldatu da).
Gainontzeko entzunaldiak ekainean egingo ditu;
hilaren 3an, 4an (Felix Serrano ikastetxean), 8an,
9an eta 12an. Gitarra eta baxuen txanda hilaren
19an eta 27an izango da, eta eskusoinuena hilaren
29an, maiatzeko programazioari amaiera
emanez.
Ekaineko programazioa piano-entzunaldi batez
hasiko da hilaren 1ean. Saioak maiatzean hasiko
dituzten sailen entzunaldiez gain, kontzertu bana
eskainiko dute Musika-Hizkuntzako ikasleek (hilaren
4an), Teklatuetakoek (asteazkenean, hilak 10)
eta Trikitixakoek (hilaren 17an).
Horrez, bi ‘jam session’ aurreikusita daude maiatzaren
21erako eta ekainaren 11rako Hika
Ateneoan. Zorterik onena opa diegu hemendik
guzti-guztioi.
|
|
|
^
|
Aste Nagusiko Agerraldia
Urtero bezalaxe, Aste Nagusiko Agerraldia izango
da Udal Txistulari Bandak udan izango duen hitzordurik
garrantzitsuena. Aurten, berrikuntza
bezala, bakarlari gonbidatu bakar bat izan beharrean,
Bandak, Euskal Herriko Txistulariak taldea,
San Anton Abesbatza –Alfredo Hurtado de
Saratxok zuzenduta–, metal-boskote bat –Alberto
Urretxoren batutapean– eta dultzaina-talde batekin
batera jardungo du.
Horiekin guztiekin batera, Xabier Zabalaren eskusoinua
entzuteko aukera ere izango da. Zabala,
Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-en ‘Maite zaitut’
kantu ezagunaren egilea da, eta oraingo honetan,
‘Euskaldunak gara!’ izenburuko doinua eskainiko
du. Kontzertu honetan, ‘Usoa’ ere entzun
ahal izango da Sebastian Iradier musikagile arabarraren
omenez, honen jaiotzaren bigarren mendeurrena
gogoratzeko.
|
|
|
^
|
Kalejira Bilboko Zazpi Kaleetan
Kontzertu denboraldia amaitutakoan, gure txistulariekiko
hitzordua dinamikoagoa egingo da
Bilboko Zazpi Kaleetan zehar. Larunbatero, goizeko
10:00etatik 11:00etara bitartean (jaiegunetan
eta uztaileko eta abuztuko larunbatetan izan
ezik), gure Bandak Bilboko Zazpi Kaleak zeharkatuko
dituzte alderik alde, pintxoak hartu edo
erosketak egiteko gune ezin egokiago horretako
giroa alaituko duen kalejira osatzeko asmoz.
Larunbat horietarako planik ez baldin baduzu, ez
dudarik egin eta zatoz Zazpi Kaleetara etxekoekin
batera kalejira atsegin horiez gozatzeko.
Bestalde, Txistulari Bandak, Udalak On Diego
Lopez Harokoren omenez antolatzen duen urteroko
lore-eskaintzan parte hartuko du Hiriaren
sorreraren 709. urteurrenean.
|
|
|
^
|
Emanaldia Granollers-en
Bilboko Udal Txistulari Banda Granollers-era abiatuko
da maiatzaren 23an, Bartzelonako herri
horretan antolatu ohi den Igokundeko Feria eta
Festetako gonbidatu gisa. Gure txistulariak izan
dira, azken urteotan festa horien sinbolo eta ekimen
esanguratsuena bihurtu den ‘passada’ delako
kalejiran parte hartzeko aukeratu dituzten taldeetako
bat.
Kalejira, jatorriz, Euskal Herriko jai herrikoi askotan
gertatzen den moduan ganadu-feriaren atariko
ekitaldia izan ohi zen. Baserritarrek salgai
zeuzkaten animaliak erakutsi ohi zituzten kalejira
horretan. Urteak joan eta urteak etorri, hitzordua
jai-giro handiagoa hartuz joan da itsatsitako elementu
folklorikoei esker, eta gaur egun,
Espainiako leku guztietatik etorritako musikatalde
desberdinen jardunaz gozatzeko aukera da
ekitaldi honen alderdirik erakargarrienetakoa.
Aurtengo ‘passada’-n, Txistulari Bandarekin batera,
pirineoetako herrialdea den Cerdanyako eskusoinuak,
Mallorcako Consell-eko Ministrer-en danbolinak
eta txirulak, Tarragonako prozesioetako
Aste Santuan Ecce Homo Santuaren andaren
ondoan ibili ohi den danbor eta kornamusen
banda, Valentziako dultzainak eta Bartzelonako
kobla bat entzuteko aukera izango da.
|
|
|
^
|
Udaberriko Kontzertu Denboraldia
Eguraldi onaren etorreraz eta Euskalduna
Jauregian izandako debut arrakastatsuaren ondoren,
Udal Musika Banda auditorioko seriotasuna
baztertu eta Areatzako kioskora aldatuko da,
Hiriaren erdialdeko bariku arratsaldeak jai-giroaz
zipriztintzeko asmoz. Udaberriko Denboraldia
hilaren 8an hasiko da, 19:30etan, Iñaki Urkizu
Zuzendariorde Titularraren eskutik. Kontzertu
hauetarako, Bandak gure musikarien jardunaren
izaera berritzaileari jarraipena ematen dion errepertorio
zabala aukeratu du, hiriko nahas-mahasaren
erdian era horretako eszenatoki ireki bati
ongien datozkion doinuei uko egin gabe eta betiere
ohikoa baino publiko zabalagoa erakartzeko
asmoz. Beraz, bandarako konposatutako doinu
berriez gain, Hiriko publikoak zartzuelak, pasodobleak,
euskal folkloreko doinuak, soinu-bandak
eta jazzeko doinuak entzuteko aukera izango du.
Denboraldian aurrera egin ahala, ostiraletan —
maiatzak 8, 22 eta 29 eta ekainak 5, 12 eta 19—,
taldeak Rafael Sanz-Espert Bandako Zuzendari
Titularra eta Iñaki Urkizu Zuzendariordearen batutapean
jardungo du. Kontzertu honek hasiera
emango dio Musikaren Europar Eguna ospatzeko
asteburu osoan antolatuko den ekitaldi-sorta
zabalari.
Bestalde, Bandak, Bilboko Udalak On Diego Lopez
Harokori egiten dion urteroko lore-eskaintzan ere
parte hartuko du ekainean, Hiriaren sorreraren
709. urteurrenean.
|
|
|
^
|
Miserikordia, Begoña eta Aste Nagusia,
abuztuko hitzorduak
Abuztua oso hilabete berezia izan ohi da Udal Musika
Bandarentzat. Sasoi horretan, taldeak Bilborekin eta
bertako erakunde bereizgarrienekin dituen loturak
erakutsi eta sendotzeko aukera izaten du. Horrela,
San Mamesen egunean, abuztuak 7, ostirala, kontzertua
eskainiko du Miserikordia Etxean, eta geroxeago,
hilaren 15ean, larunbata, Jasokundeko Andre
Mariaren egunez, Begoñako Basilikan antolatutako
ekitaldietan ere parte hartuko du.
Baina zalantzarik gabe, Aste Nagusia izango da
hileko hitzordurik garrantzitsuena. Urtero bezalaxe,
gure musikariek, Aste Nagusiko ospakizunekin
bat eginez, kontzertua eskainiko dute egunero
Areatzako kioskoan, 12:00etatik aurrera, eta
zezenketa-egunetan Vista Alegre Zezen Plazan
ere izango dira.
|
|
|
^
|
SOL KLABEAN. Gaur gurekin...
Francisco José Yáñez, Bilboko Udal Bandako tuba-jotzailea
Francisco José Yáñez Garrido (Benejúzar, Alacant, 1978),
Bilboko Udal Bandan dauden lau tuba-jotzaileetako bat
da, eta Espainiatik irten behar izan zuen irakasle egokia
aurkitzeko. Irakasle horri esker ikasi zuen, aurreko
hamar urteez geroztik jotzen zuen instrumentu horrek
aukera handiak eta anitzak zituela. “Instrumentista
bakoitzak lan egiteko era berezi bat dauka, eta ezinbestekoa
da jotzen irakasten dizunak ere lan egiteko era
horrekin bat egitea”, azaldu du Yáñez-ek, David
Zambon-en Perpignan-eko eskolaraino eraman zuen
bilaketa luzea justifikatzeko asmoz. “Frantziara joan
nintzen bere bila, baina Japonian egon izan balitz,
Japoniaraino edo beste edozein lekutaraino joango
nintzen”, azpimarratu du ziurtasun osoz.
Ez du arrazoirik falta, alajaina. Zambon-ek ezin argiroago
erakutsi zion tubak askoz ere aukera gehiago
eskaintzen duela akonpainamendu hutsa egitea baino.
“Teknikoki akats asko zuzentzen lagundu zidan, baina
garrantzitsuena da, musikaren ikuspegitik, aukeraeskaintza
ezinago zabala ireki zidala; tuba batez Bachen
sonatak, biolin edo txirularako sonatak eta
Mozarten fagoterako kontzertuak ere jo daitezkeela”,
gogoratu du.
Baina Yañez-en ibilbidea Frantziako abentura baino
askoz ere lehenago hasi zen; zazpi urte zituela alegia,
orduantxe inskribatu zuten bere gurasoek Benejúzar
sorterriko musika-elkarteak ematen zituen eskoletan.
Hamaika urte bete hurran, batek batek esanda jakin
zuen Bandan tuba-jotzaileak behar zirela. “Bereahalaxe
animatu nintzen. Oso instrumentu erakargarria zen
niretzat tamainagatik”, gogoratu du. Murtziako
Kontserbatorioan ikasten zuen bitartean, Perpignan-era
eramango zuen bilaketan murgildu zen buru-belarri.
Frantziara noizen behin egindako
osteratxoak behin-betiko bidaia
bihurtu ziren 21 urte zituela.
Orduan, prestakuntza Frantzia
aldean osatzea erabaki zuen, lehenengo
Perpignan-en eta gero
Montpellier-en. “Musika ikastea,
eta bereziki kanpoan ikastea, oso
gauza garestia da. Zorionez, nik
Valentziako Generalitat-en eta
Frantziako Kultura Ministerioaren
laguntzak izan ditut horretarako,
eta batez ere gurasoen sostengua
izan dut une oro. Gurasoak ez dira
musikazaleak, baina hala ere, beti fidatu dira nitaz eta
musikari bezala bizimodua ateratzeko nuen aukeraz”,
aitortu du harrotasunez.
Frantzian egindako lau urteko egonaldi hartan,
Frantziako Gazte Orkestra Nazionaleko kidea izan zen,
eta Bordele, Montpellier eta beste hiri batzuetako
orkestra profesionaletan lan egin eta ‘Tuba-jotzaile bertutetsuak’
izeneko ikuskizun batean ere parte hartu
zuen Frantziako gazteria musikalekin batera.
2004an, Bilboko Udal Bandak kontratatu zuen. Hauxe
da lanean jardun duen lehen talde profesionala, eta
bertan “pozez gainezka” omen dabil. “Programa berritzaileak
lantzen ditu, eta gonbidatutako zuzendariek
tubarako korapilatsu samarrak diren doinuak proposatu
ohi dituzte, James Barnes-en Hirugarren Sinfonia kasu.
Gainera, pertsonen arteko tratua ezin hobea da, eta
publikoak ez digu behin ere huts egin. Aurten,
Euskaldunako aforoa bete dugu ia egunero, eta horrek
esan nahi du Bandak itzal luzea duela”, azaldu du.
|
|
|
^
|
UDAL MUSIKA ESKOLA
Maiatzak 16 | Larunbata | Mungia
Musikaldi 2009.
Maiatzak 19 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La
Galera) | 19:00etan
Gitarra eta baxu Kontzertu / Audizioa.
Maiatzak 20 | Asteazkena | Euskalduna Jauregian (A-1 Aretoa).
19:00etan
Ikasturte amaierako Kontzertua. Sarrera gonbidapenarekin.
Maiatzak 21 | Osteguna | Hika Ateneoan | 19:30etan
Jam session.
Maiatzak 25. Astelehena. Luis Briñas Ikastetxean. 17:30etan
Luis Briñas-Santutxuko Ikastetxearen 75.urteurrena. Musika eta
dantza tradizionala.
Maiatzak 25 | Astelehena | Oiartzunen | 19:30etan
Eskolako Abesbatza taldearen kontzertua.
Maiatzak 27 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La
Galera) | 19:00etan
Gitarra eta baxu Kontzertu / Audizioa.
Maiatzak 28 | Osteguna | Luis Briñas Ikastetxean | 18:00etan
Luis Briñas-Santutxuko Ikastetxearen 75.urteurrena. Konboen
Kontzertu/Audizioa.
Maiatzak 29 | Ostirala | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Eskusoinuen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 1 | Astelehena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Pianoaren Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 2 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Txistuaren Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 3 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa (helduak).
Ekainak 4 | Osteguna | Félix Serrano Ikastetxea | 19:00etan
Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 4 | Osteguna | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera).
19:00etan
Hizkuntza Musikaleko ikasle helduen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 8 | Astelehena | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 9 | Asteartea | BilbaoMusikako auditorioan (La Galera)
19:00etan
Sail Sinfonikoen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 10 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La
Galera) | 19:00etan
Teklatuen Kontzertu / Audizioa.
Ekainak 11 | Osteguna | Hika Ateneoan | 19:30etan
Jam session.
Ekainak 17 | Asteazkena | BilbaoMusikako auditorioan (La
Galera) | 19:00etan
Trikitixaren Kontzertu / Auditorioa.
UDAL MUSIKA BANDA
Maiatzak 16 | Larunbata | Buia Auzoan | 12:00etan
Maiatzak 22 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan
Maiatzak 29 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan
Ekainak 5 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan
Ekainak 6 | Larunbata | Altamira auzoan kontzertua | 12:00
Ekainak 12 | Ostirala | Areatzako kioskoan kontzertua | 19:30etan
Ekainak 14 | Igandea | Plaza Biribila | Hiribilduaren 709. urteurrena
Ekainak 19 | Ostirala | Areatzako kioskoan | 19:30etan
Musikaren Europar Eguneko inaugurazio kontzertua.
Zuzendaria: Rafael Sanz-Espert (Zuzendari-Titularra) eta Iñaki
Urkizu (Zuzendariordea).
BANDA MUNICIPAL DE TXISTULARIS
Larunbatetan | Alde Zaharretik | 10:00etatik 11:00 etara
Ekainak 14 | Igandea | Plaza Biribila | Hiribilduaren 709. urteurrena
Informazio gehiago : www.bilbaomusika.net
|
|
|